Blog de Andoni Lubaki: Nor dut maisu? Nor izan dut maisu? 2013.

Nor dut maisu? Nor izan dut maisu?

Askotan galdetu didate argazkilari naizenetik nor dudan argazkilari gustoko edo “beneratua”. Atal horretan zortea izan dut eta benetan nire bidea ireki eta markatu dutenak gertuko jendea izan da. Ez dut aspaldian idoloetan sinesten, ezta gurtu beharreko pertsonetan fede itsu hori izan. Robert Capa niretzako aspaldi hil zen eta Natchwey-en fede bidetik aldendu naiz.
Argazkiak beti behar du sentsibilitate jakin bat. Ez naiz ari ISO madarikatuaz. Sentsibilitate hitzaz baizik. Duen zentzu eta esanahi osoan.
Bada pertsona bat, non argazkien printzipio oinarrizkoak erakusteaz gain, gela iluneko majia erakutsi zidana. Nola argazkigintzara nire oinekin iritsi, nire begirada argazkia baino sakon eta ozenagoa izan zedin. Berak aipatu zizkidan Garcia Alix, Avedon eta abar. Irakasle ezik  maisu bihurtu zen.
Gogoan dut nola bere estudiora eramanda argazkiak nola positibatzen zituen ikusi nuenekoa. Estraperloz karrete gehiago eman zizkidan egun hartakoa. Bere Ruandako liburua ikusi nuenekoa. Edo orain berriro editatuko duen “Leaxpi industri paisaiak” eskuetan izan nuenekoa. Arrantzaleen lana ere ezin ahaztu.
Argazkilari munduan naizena, berari zor diot gehien. Bidea sastrakaz garbi utzi zidalako hasieratik, pausoak sendo eta norantza zuzenean emateko. Horrelako maisuekin eta gogo biziz ezin atzeraka erori!
Aski nuke, niretzat izan zaren laurdena beste norbaitentzat izango banintz Gorka Salmeron !

Andoni Lubaki
2013ko abuztuaren 28an

http://www.argia.com/blogak/andoni-lubaki/2013/08/28/nor-dut-maisu-nor-izan-dut-maisu/