Susi Jorge Romaratezabalaren erakusketa Legazpiko Juan Cruz ileapaindegian, 2015eko iraila – urria.

Susi J.R.-ren erakusketa Juan Cruz ileapaindegian, postalerako testua. Legazpi, Gipuzkoa. 2015.

 

SUSI JR 2014                                                © Susi J.R. Palafrugell, Girona. 2014.


SUSI J.R.

Susi Jorge Romaratezabalarekin lehen aldiz hitz egin nuenean Zumarragako geltokian izan zen, bertan geratzen zen trenean topo egin ondoren nire kotxean Legazpira igotzera gonbidatu nuenean. Garai hartan Susi Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan ikasten zebilen. Urte batzu geroago elkarrekin lanean ibili ginen, enkargu komertzialak, erreportaje industrialak eta ezkontzak egiten. Susi eta Aintzane Urmenetak “Bikoitz Bideo” bezala sinatzen zituzten beraien lanak, eta nik berriz “Zum Argazkigintza” bezala. Handik gutxira gure erlazioa beste bat izango zen, guztiz ezberdina.

20 urte daramatzagu elkarrekin bizitzen. Epe honetan argazkiak eten gabe egin ditu, gozatzen eta sentitzen izan dela aitortu dezaket, baldintza edo mugarik gabe. Nire ustez argazkigintza bideoa baino interesgarriagoa izan da Susirentzat. Argazkiak egitearen praktikak eta beste egile batzuen lanak ezagutzeko jakinminak, argazkigintzan duen ezagutza sendotu dute -bere begirada kritikoa ahaztu gabe-. Susiren iritzia zehatza da, gogokoa duena eta interesatzen ez zaionaren inguruan ez dauka zalantzarik: bere irizpideak sendoki aldarrikatu izan ditu beti. Erakusketa dexente egin dituen argazkilari batekin ezkonduta dagoenez, bere argazkiak lehen aldiz erakusketa batean aurkeztean baldintzatuta edo deseroso sentitu litekela suposatzen dut, nahiz eta erakusketa hau herri mailan izan, “Pelunen” ileapaindegian.

Susik erakusketa honetan telefonoak duen kamararekin egindako argazkiak aurkezten dizkigu. Irudi hauek mobilarekin editatu ondoren, grabatuan erabiltzen den paperean inprimatu ditu. Argazki hurbilak dira, familiakoak, lagunak, paseoak -irudi xumeak-. Nire ustez hor dago lan honen gakoa eta aberastasuna: lotura eta konpromezurik gabeko istorioak, egunerokotasunaren azalpen zuzena. Gehienetan zailagoa izan ohi da gauzak laburtzea; kentzea edo sinplifikatzea korapilatsuagoa suertatu daiteke. Itxuran xumea den hori, adornurik gabekoa, zailagoa bilakatzen da argazkigintzan gaur egun, saldu nahi dizkiguten diskurtso edo eta haundikeriak ikusi ondoren.

GSM
2015eko uztailean