Mª José Rodríguez Molina: Burugogorrentzat egokia. 2016.

003-atxurtegi

Atxurtegia. / Forja de Herramientas. ca. 1930. Egile ezezaguna. / Autor desconocido (GSM funtsa / Fondo GSM ).

BURUGOGORRENTZAT EGOKIA

Patricio Echeverríak 1918tik hirurogeiko hamarkada erdialdera arte agindutako argazkiei esker, Legazpiko PESA altzairu-enpresako argazki-fondo aberats bat daukagu gaur, eta, horren bitartez, fabrikaren itzalean hazi zen herri baten bilakaera industriala ikus dezakegu. Badira apartak diren irudi batzuk, Photito, Willy Koch, Bilboko Imprenta Industrial edota Pando etxeek eginak. Fondo hori, gainera, aberastu egin da Gorka Salmerón Murgiondok 1990eko hamarkadatik aurrera egin zituen argazkiekin, gogoz egin ere, baina bertako izateak ematen duen zuztarraren indarrez, eta hala itxi du PESA konpainiaren bizi-zikloa.

Agiri fotografikoek balio dokumental, historiko eta patrimoniala izan ohi dute. Horiek errespetatzea gure iragana errespetatzea da, baita gure oraina eta gure atzetik etorriko direnena ere. Material hori guztia bildu eta Zarauzko Photomuseum-en egon da ikusgai; orain, «Burdinola» Legazpiko Burdin Museoko Lagunen Elkarteari esker, eta bertako ondarea berreskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko egiten duen esku-hartzeari esker, argitalpen bihurtu da. Abentura horren egilea Gorka Salmerón bera izan da. Fondoaren aberastasuna erakusteaz gain, argazkien egileen biografiak osatzeko lan nekeza hartu du bere gain, eta erronka hori ez da batere erraza. Askotan esana da irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela, eta hartan zegoen Patricio Echeverría, bere altzairuak ezagutarazi eta saldu nahi izan zituenean; besterik da, baina, irudiak enkargatu zitzaizkien egileei buruz mila hitz esatea.

Ondarea kontserbatzeko, den erakoa dela, sentiberatasuna behar da. Altxorrak ikertu eta aurkitzeko, jakin-mina behar da. Preziatzeko, ezagutza behar da. Edozein lan burutzeko, egoskorra izan behar da. Hasten den edozein ikerketatan, beti egon behar da erne arrasto faltsuen aurrean; San Tomas bezala izan behar da, eta beste batzuek lehenago baieztatutakoa zalantzan jarri, eta are geuk esaten duguna bera ere. Nahitaezkoa da, zehatzak izan nahi badugu, iturburuetara jotzea, aurkitzeko zain dauden agiriz betetako artxiboetara. Iraun egin behar da, eta ez da amore eman behar tunel ilunen bat edo irteerarik gabeko kale esturen bat aurkituz gero. Tira egiteko, hari bat bilatu behar da. Eta hausnartzera geratu; ez zutabe hauskorren gainean eraikitako teoriak jaurti, baizik eta datu fidagarriekin muturrak lotu. Ekintzak behar bezala berreraikitzeko, gertaeren hari kronologikoa segitu behar dugu, garapenean akatsik ez egiteko.

Betekizun horiek bete egiten ditu Gorka Salmerónek, sentibera baita argazki-altxor honen kaltetzeaz eta jakitun hura kontserbatzearen premiaz; gainera, bikain hasi da ikerketa-lanetan. Datuak biltzen aritu da, Patricio Echeverría SA (PESA)-ko instalazioak erretratatu zituzten argazkilari-firma komertzial askori buruz, eta usnaka izen komertzialekin sinatutako lanetan, zeinaren atzean beti dagoen izen bat, bizitza bat. Bere ahaleginean, nabari da aitorpen bat egin nahi diela egile ezezagun horiei, berdindu nahi izan dituen argazkilari horien memoria berreskuratzeko, baina frogatu du haiek adina dela bera ere.

Ikertutako argazkilarien artean, horra hor «Photito», argazkirik zaharrenak egin zituena, eta, Gorkak berak aitortu bezala, bereziki lotu duena, itsutuki tarte batzuetan, eta gutako batzuk katigatu dituena. Photito desafio bat izan da; benetako Photito versus Salmerón. Etxe komertzial horren atzean, misterioa zegoen; «gai horrek intrigatuta nauka», esaten zuen Gorkak etengabe 2015eko abuztuan. Asko ziren kezka eragiten zioten loturarik ezak… Arrastoa segitu genion Photito-ri, eta, serio bezain irriz, detektibeek ohi duten bilaketa hasi genuen. Eta hala eratu zen Gabinete de Detectives Photito (GDP), zenbait sukurtsal dituena: Legazpin ‒aldi batez egoitza Errioxan zuela edo batetik bestera, unitate mugikorra, aldirietako tranbia batetik transmititzen Gipuzkoa Sakonean‒, Valentzian eta Florentzian, Alejandra Ortiz Castañares ordezkari dela. Gorkak lortua zuen, trebetasun harrigarriz, ikerketa talde bat eratzea distantzian, eta gizarte-sare mugatu bat, datu-trukean eta hausnarketan oinarritua, Photito iheskorraren atzean nor zegoen jakin ahal izateko.

Ikusi dut, ikusi, nola joan den Gorka ikerketaren labirintoan sartzen, nola aurkitzen zuen bere iturburuen garrantzia, nola kontsultatzen zituen agiriak artxiboan, lotzen muturrak, harremanetan jartzen datuak, hipotesiak baztertzen zituen ziurtasunez baieztatzerik ezean, nola heltzen zen irteerarik gabeko kale estura, eta atzera egiten zuen beste bide baten bila… Nola jartzen zituen zalantzan bere baieztapenak. Zenbat eta informazio gehiago bildu, eta ikerketa kiribildu, orduan eta argazkilari berri gehiago agertzen ziren ikertzekoen zerrendara. Historia amaiezina zen, eta etengabe egon behar zen atzeraka etorriz hausnarrean. Eta, hala ere, liluragarria iruditzen zitzaion. Gorkak erakutsi du arrastoak ondo baino hobeto jarraitzen dituen ehiza-zakurra dela. Harrigarria da batzuekin eta besteekin aritzeko duen trebetasuna, isildu gabe, irakasle-ukituarekin, han-hemengo informazioa lotzekoa, kutsatzekoa, konpartitzekoa, eskertzekoa, gozatzekoa. Atseginez ikusi dut ez duela beldurrik izan artxiboetan eskuak zikintzeko, denboraren iragateak dakarren orbain-hautsarekin. Utzi du besteek gida dezaten, eta men egin dio artxibozainen esanari… Apala, baina anbiziotsua. Bere kabuz egiaztatu du, eta ahogozatu, agiriak hor daudela, nork aurkituko zain, eta segi eta segi egiten duten haiek bakarrik jasotzen dutela aurkikuntzaren uzta. Bera, burugogor; beti burugogor.

Gorkak zuzendu duen proiektu honen emaitza aldaketa baten ondorena da, hazkunde batena, zeren bera, argazki-historialari izan aurretik, argazkilari aditua zen, koloreen alkimista, eta urteak dira altzairuaren goria argazkiko zuri bihurtzen hasi zela, paisaiak berrasmatzen eta estetikaren ahala aldarrikatzen, eta begirada hezten, ezarritako arau eta iritzietatik libratu arte. Teknika fotografikoen ezagutzaile da, eta haren magiaren ezagutzaile, istanta iraunarazi egiten baitu, eta unean unekoa betikotu.

Baina egia da, baita ere, ume izan zela argazkilari baino lehen, eta bere historia fabrika baten egunerokoak markaturiko herri batena dela; Patricio Echeverríarenak, hain zuzen. Ume horren begiratua makina horien arimak gatibatu du. Denbora iragan den arren, txinpartak sortu dira euren artean, eta argazkilari inplikatu bihurtu dute: beharra du irudietan adierazteko, espazio bihurturiko denbora, eta irudi horiek partekatzekoa. PESAri buruz berak egindako argazkiak behatuz, zalantza sortzen da, nork nor menderatzen duen, gizonak makina ala makinak gizona. Hain sendo agertzen dira makinak, hain indartsu, handi eta, aldi berean, hain esaneko, non nekez kentzen zaien begia gainetik. David eta Goliat; gizona eta makina, elkarrekin bizitzera kondenatuta. Aurretik izan zituen argazkilarien argazkiak ‒batzuk, benetako artelan‒ begiratzen dituzten begiak, argazkilaritzan aditua den batenak, jaio eta hazi zen lekuko historiarekiko begirunea duen batenak, debozioarenak.

Gorka 1969ko uztailaren 19an jaitsi zen ilargitik, Legazpin lurreratzeko, eta hurrengo egunean Armstrong ilargira igo zen, urrats handi bat emanez… Pentsa liteke astroak alde izan dituela, bide honetan behinik behin. Eta baliteke bera eta ni orbita berean jarritakoak izatea, 69ko «kintoak» baikara. Eta badira beste jakingarri gehiago ere: 2015eko abuztuaren 19an, 1839an dagerrotipoa Parisen aurkeztu zen egun berean, «Gabinete de Detectives Photito» eratu zen, Fuenmayor-eko Mahatsaren Ama Birjinaren begiradapean… Halabehar horrek gozatzen ditu gertaerak.

Legazpiar honek argazkiak egiten ditu, edo beste batzuenak berreskuratzen, bai baitaki, eta sentitzen baitu, horrela berreskuratu egiten duela bere historia, bere jaioterriarena, Legazpirena. Nahiz eta bere abizenak, Salmerón hitzak, ereintzatik kanpo hazten den garia esan nahi duen, zilborreste batek lotzen du, hausturarik gabe, bere jatorrira. Txalogarria da zein erraz lotu zaion argazkigintzaren historiari, eta txalogarria, halaber, gure herrietako memoria grafikoa berreskuratzeko duen interesa eta argazki-ondarearekiko duen errespetua. Hori guztia, abantaila batekin: teknika fotografikoak eta prozesu kimikoak ezagutzetik abiatzen dela. Gorkaren kasuan eta antzerakoetan, artxiboetan lan egiten dugun teknikariok nahitaez erakartzen eta kutsatzen gaituzte besteen ikerketek, berak gaiari heldu dion kemen eta jakin-min biziarekin. Irakatsiz ikastea bizitzako plazer handietako bat da. Nik ere irabazi dut lan honekin.

Esan nion ikerketak arrisku erakargarriak zeuzkala; ohartarazi nuen argazkiaren historiak mira sortzen duela eta bizio bihurtuko zitzaiola, baina ez du ezertarako balio izan, indartu egin baitzaio jakin-mina, eta bizitu gogoa. Ikasle aurreratu bihurtu da, ikerketa historikoan ongi ari daitekeena, barru-barrutik lan egiten baitu, baina buru onarekin. Fotohistorialari terminoa ez zaio handi geratzen, eta ez dio utzi, horregatik, argazkilari izateari. Legazpiko historia grafikoa berreraikitzeko asmoarekin, eta dokumentu-balio handia duen fondo fotografikoa zabaltzeko asmoarekin, Euskadiko argazkigintzaren historia, denon ondarea, aberasten lagundu du.

Photito hasi zen, eta Salmerón Murgiondok bukatzen du, PESAko argazkilari sagako azkenak; batzuek enkarguz, azkenak afizioz eta debozioz. Gorka ume hark, Patricio Echeverría fabrika barrutik ezagutu nahi zuen hark, aitonak han egin baitzion lan, ezin zuen buruan pasatu, handik urteetara, bere helduaroan, jakin-mina berdin izanik, proiektu hau hartuko zuela esku artean, ahalegin, ilusio eta originaltasunez beterikoa. Bera adibide bat da, burugogor izan behar dela norberaren proiektuarekin, hori baita aurrera ateratzeko modu bakarra. Hemen dago Gorka «Salmerón Burugogorrak» ‒letra larriz idatz dagigun‒ begirune handiz burutu duenaren froga. Goza ezazue.

Mª  José  Rodríguez  Molina
Fotohistorialaria  –  Valentziako  Diputazioko  Argazki  Artxibategi  eta  Artxibategi  Orokorreko  teknikaria

(Itzulpena euskarara: Iñaki Bastarrika Izaguirre)

 

004-atxurtegi

Atxurtegia (Argazki argiztatua). / Forja de Herramientas (Fotografía iluminada). ca. 1930. Egile ezezaguna. / Autor desconocido (GSM funtsa / Fondo GSM ).