Ignacio Arbide: Gizonak eta makinak “Leaxpi industri Paisaiak” lanean. 2013.

Gerardo Markuletak egindako itzulpena

 

Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.

GIZONAK ETA MAKINAK “LEAXPI INDUSTRI PAISAIAK” LANEAN

Burdinola elkarteak fidel eusten dio bere jatorrizko asmoari: Legazpiko ondare historiko eta kulturala deskubritu, gorde eta zabaltzea. Orain, bere bizialdiko lehen hogei urteak betetzen dituen honetan, herriko industriari buruzko argazkiak biltzen dituen liburu bat argitaratzen du, Gorka Salmern-ek aurreko mendearen 90eko hamarkadaren lehen urteetan ateratakoak. Garai hartan ezin ziren sumatu ere egin industria horretan hastear zeuden eraldaketak; ehun urtean, ia XX. mende osoan, iraundako aro baten amaiera ekarriko zuten eraldaketak.
Garai hori Legazpiko burdin industriaren hirugarren alditzat jo daiteke. Aurretik, beste bi aldi iraganak zituen, askoz denbora luzeagoan iraundakoak. Lehenengoa haize-ola izenekoen aldia izan zen: labe txiki garatu gabeak ziren, mendietako goiko aldeetan kokaturikoak, leku egokia baitzen burdina lortzeko beharrezkoak ziren ikatz eta burdin mea eskuratzeko. Haize-olek hainbat mendetan lan egin zuten gure mendietan, Erdi Aroan. Bigarren aldiko instalazioak, askoz sofistikatuagoak, zehar-ola izenarekin ezagutzen ziren: presa bat zuten ibaian, gurpil hidrauliko paladunak, hauspoak, labeak, forja-mailuak… Urola ibai gurean zehar-ola horietako ugari sortu zen berehala, eta kalitate handiko burdina ekoitzi zuten sei ehun bat urtetan, XIII. eta XIX. mendeen artean.
Bere Leaxpi Industri Paisaiak honekin, Salmeronek omenaldia eskaintzen dio Legazpiren iragan industrial nabarmen horri, zeinean ia herri guztiak burdina egiten eta lantzen jardun baitzuen, mila urte baino gehiagoan eta etenik gabe. Egileak behin baino gehiagotan adierazi du, bere bizitza argazkigintzaren ildotik bideratzea erabaki zuenetik, beti sentitu izan zuela gai horren inguruan lan egiteko beharra. Horretan eragina izan zezakeen, beraren legazpiar joera atabikoaz gain, haurtzaroan bizi izandako esperientzia batzuen oroitzapenak ere. Adibidez, umetatik parte hartu izana Burdinola elkarteak burdinola zaharren aztarnak aurkitzeko asmotan antolatzen zituen mendi txangoetan. Eta, batez ere, amaren aldeko aitonak Patricio Echeverría enpresan labe elektrikoen arduradun gisa lan egitetik etorri zitzaizkion bizipenak. Gorkak, hamabi-hamalau urteko haur baten egoskorkeriaz, lortu egin zuen aitonak erakuts ziezazkion lantegi eta hornikuntza haiek, zeinetan mundu osoaren aitortza zuten kalitate handiko altzairu bereziak ekoizten baitziren.
Bisitaldi haietan, erdi beldurrez erdi harriduraz begiztatzen zituen argi-konbinazio berdingabe haiek, elektrodoen eta labeko txatarraren artean jauzi egiten zuten arkuek eraginak, edo moldeetara isurtzen zen altzairurtuaren zorrotadek, edo hozterakoan hori, gorri, gris… kolore-gama zabal bat hartzen zuten lingoteek. Uste dut Gorkarengan argazkigintzarako ilusioa eta zaletasuna (fotografia: “argiaren bitartez grabatzea”) sortu zitezkeela, oharkabean, altzairu-galdategi batek ematen duen argi eta kolore ikuskizun horri begiratzetik.
Etorkizuneko bere jarduera guztia eskaintzeko asmoa zuen bokazio hori aurkiturik, Salmeronek prestakuntza prozesu bati ekin zion, uztartuz praktika etengabea eta argazkigintzarekin loturiko jardunaldi, ikastaro, lantegietan… parte hartzea. Eta, oso oinarri teoriko mugatu batetik abiatuta, bere ikasketekin jarraitu zuen nekaezin, astiro baina beti ari, harik eta Arte Ederretako lizentzia lortu zuen arte Euskal Herriko Unibertsitatean: horrek garbi azaltzen du zer-nolako sendotasuna eta irekitasuna dituen Gorkaren ikuspegi estetiko eta humanistak.
Izan ere, bizi guztian argazkigintzari eskaini dion ardurak ez du, ezta gutxiagorik ere, bere inguruko arazoetatik bakartu; aitzitik, arazo horiek bete-betean bizitzeko aukera eman dio, bai eta gure gizarteko eta gure munduko kezka gizatiar, sozial eta artistikoetan gogotsu esku hartzeko. Beraren lan dagoeneko ugaritik, alde horretatik nabarmentzeko modukoa da Rwanda, 1992 lana; han bildu zituen, forma zorroztasunez eta adierazkortasun plastikoz, Ruandako ipar-ekialdeko Nyundo hiriko École d’Arts-era joandakoan izandako giza esperientziak, irakasleentzako argazkigintza ikastaro bat ematera hara gonbidatu zutenean. Bildumak irudi eder-ederretan islatu zuen Afrikako zonalde hartan bizi duten ia etengabeko gerra egoeraren dramatismoa.
Ruandako bilduma hori oroitzeak Gorka Salmeronen nortasunaren beste alderdi bat gogorarazten digu, oharkabean ezin utz daitekeena: haren irakaskuntza lana, asko eta askotan jarduten baitu horretan, gogo beroz eta buru-belarri, erakunde ofizial zein pribatuek hala eskaturik. Haren prestakuntza prozesuak ere –mantsoa, arretatsua, oinarrizkoenetik hasi eta pausoz pauso jarraitua– bere “lanbidea” sakon bai sakon ezagutarazi dio, A-tik Z-raino…
Artistaren giza heltzeak aberastasunez hornitu du “Legazpiko industri paisaiari” buruzko lanari eman dion ikuspuntua. Hasiera batean zeukan desioa fabrikako argi joko guztiak atzematea izan zitekeen, horrek zekartzan arazo tekniko guztiekin, baina laster bestelako planteamendu eta galderak egin zituen: zer gertatzen da lantegi barruan? Zer egiten dute lantegian, eta zer eragiten die lantegiak ehunka pertsona horiei, “tutuak” jo ahala herriko kaleetatik uniforme urdinez jantzita desfilatu, eta gero munstro erraldoi altzairu-ekoizle horren sabel itzelean barneratzen diren horiei
Kezka horiez guztiez hitz egiten digu Leaxpi Industri Paisaiak honek. Alde batetik, kontuz-kontuz jaso nahi du eraikin bakoitzaren, makina bakoitzaren xehetasun bakoitza, xehetasun oro. Horretarako, altzairuak utzi egiten dio izateari islatzen ez duen guztia belztu eta ezkutatu egiten duen protagonista bakarra eta xurgatzailea: hemen, argizko ibai bihurtzen da, fabrikatze-prozesu guztiari segi eta erakusten duen ibaia; batzuetan argi-laster jariakorra, beste batzuetan barea, bestetan argi-jauzia, zenbaitetan parpaila garden eta mehea. Horrek aukera ematen dio artistari, xehetasun eraikuntzazko eta teknikoak ez ezik, zuriak eta beltzak eskain dezaketen tonu eta zertzelada sorta zabal eta eder-ederra erakusteko.
Eta ageri da, argazki segida honetan, Salmeronen kezka nagusia: langilea, gizakia, beti akorduan izandako aitona. Zenbaitetan, gizona ez da matxarda batzuk erabiltzen dituzten esku batzuk, edo pedal bati eragiten dioten oin batzuk besterik: aurpegirik gabeko izakia, ia abstraktua, fantasmagorikoa, makinen sendotasun eta garrantziaren aurrean lausotu egiten den ekoizpen-elementu hauskorra… Baina beste batzuetan ageri dira –eta pozez jartzen gaituzte– gizaki konkretuak, hurbilak, izen eta abizendunak. Artistak berak esan bezala, horiek dira umetatik gogoratzen zituen “gizontxoak, makinekin lehian”. Aurrekoetan kamerak arretaz jasotzen zituen instalazioen xehetasunak; oraingoan, aldiz, maitasunez eta txeraz hornitzen da, instalaziootan lan egiten dutenak begiztatzean, lantegi eta makinen handitasunaren aurrean galdurik, edo atsedena hartzen lagun giroan eta aldarte onean, edo zigarro jostagarri eta bihotz emangarri bat erretzen. Hamaika ikusitako gizon horiek, beren begiradaren hondoan, beharbada, mehatxu dramatikoz beteriko etorkizun baten kezka erakusten dute, dela krisi ekonomikoa, dela lanpostuen galera, langabezia…
Esaera ospetsu baten zentzua apur bat aldatuz, argitalpen hau dela-eta esan genezake: gaia, liburua, egilea, zeinen konbinazio ederra!

Ignacio Arbide. 2013.

Leaxpi Industri Paisaiak. 2014. Liburua.