Edorta Kortadi Olano: Gorka Salmerón, Denboraren eta irudiaren dekonstrukzioa, 30 urteko dokudrama fotografikoa. 2013.

Gerardo Markuletak egindako itzulpena


 GSM. Mayo de 2005. © Óscar Pereira
GSM. 2005. © Óscar Pereira.

GORKA SALMERON: DENBORAREN ETA IRUDIAREN DEKONSTRUKZIOA
30 URTEKO DOKUDRAMA FOTOGRAFIKOA 

Gorka Salmeronen (Legazpi, 1969) argazkigintzan bada zerbait, Errenteriako Gaspar galerian emandako lehen urratsetatik hasi, eta Elgoibarko Ongarri erakusketa-gelan egindako azkenetara, jolas egitera daramana denborak –guztia deseraiki, eraldatu, suntsitu eta fagozitatu egiten duen horrek– errealitatearen gainean egiten duen igarotze ezin saihestuzkoarekin. Ez dakit berarengan jakinaren gaineko edo oharkabeko zerbait den, baina gauza ziurra da haren prozesu sortzaile guztiaren ezaugarri oinarrizko eta nuklearretako bat dela. Berdin dio giza irudia izatea, osorik edo zatikaturik, natura bere bikaintasunean edo puskaturik, hiria eta polis-a orban huts bihurturik edo ate, leiho eta orpoetan begiztaturik. Begirada isila eta zintzoa da, baina aldi berean setatsua eta garratza. 80eko urteetan hasten den ikuspena, cannabis eta substantzia alai samarren eta galgarri samarren nahasketa. Egileak berak bere eskubidez artistikotzat jotzen duen begirada fotografikoa, hasiera-hasieratik beste lengoaia batzuk tartekatu dituelako, hala nola grabatua, pintura, musika eta zinema, egileak bere argazkigintza, nola edo hala, beti horietara bideratzen duela.

Autotrato. 1989.Autotratua. Ostiz, Nafarroa. 1989.

LEHENBIZIKO URRATSAK. LEGAZPI. 1985.
Argazkigintzaren mundura Legazpiko “Ikatza” elkartean jaioa (1985), 16 urterekin, errebelde eta marmarti ezagutu genuen, nik neuk herriko kultur etxean Legazpiko artearen eta artisten inguruan emandako hitzaldi batean argazkigintza agertzen ez zela eta. Orduan hasi ziren elkarren arteko topaketak, egilearen jarraipen hurbilagoa eta nire lehen hurbilpen serioa, artearen historialari gisa, argazkigintzaren mundura.

Condenados a pensar 1990Pentsatzera kondenatuak. Serigrafia. 1990.

Artelekutik igarotzean, Salmeronek lengoaia artistikoen arteko zeharkakotasun eta elkarbideen gustua eta pozoia bereganatu zituen, ibilbide guztian ia baztertu ez duen zerbait. Grabatu ia fotografikoetan herri eta hirien zuri-beltzeko irudi ederrak eratu zituen, ordurako giza pilaketaren ikuspegiak aurkezten, jaurtitzen zituela. 1990ean erakutsi ziren, Errenteriako Gaspar aretoan. Paris egunetik egunera argazki-sortak hiriaren ikuspen zuri-beltzekoak eskaintzen zituen, bilbeak, marrak, orban abstraktuak eta argiak erantsita. Ikuspegi distiratsua, kontzeptuala eta korrosiboa zen. Kontzeptuala gertatzen zen halaber “Reflexiones” izeneko beste proposamena, giza aurpegi zatituaren galeria txikian aurkeztua: proposamenean bere espiritu aldi berean esperimentala eta ikertzailea erakusten zuen. Haren lanaren aurreneko loratzea izan zen.

Condenados a PensarPentsatzera Kondenatuak. “Reflexiones”. 1990.

ATEAK. 1991. POLAROIDAK EDO ARGIAREN KOLOREAZ. 1992.
Artelekutik igaro izanak eta Carlos Ausserladscheider margolariarekiko adiskidetasunak laster bultzatu zuten izaera esperimentaleko lanak ekoiztera: kolorea zein formen eta ehunduren bilaketa presente daude modu nabarmen eta esplizituan. Horrelaxe egin zuen bai Ateak sailean, 1991, bai Polaroidak edo Argiaren Koloreaz-eko (Polaroid 600, 1992) esperientzietan. Sailotan argi eta kolorearekiko esperimentazioa da kezka nagusi eta ia bakarra.

ATEAK 16Ateak. 1991.

Ateak sailean, Portugal, Maroko, Gaztela eta beste leku batzuetatik egindako bidaietan aurkitutako ateak baliagarri zaizkio, objektu pobre eta etnografiko gisa, haien gainean kolore biziak isurtzeko, denboraren iheskortasunarekin eta historiaren joanarekin jolas eginez. Arte pobrea eta etnografi ikerketa elkarren eskutik doaz. Eta hasi da agertzen argazkilariaren espiritu irensle eta korrosiboa.

ATEAK 2Ateak. 1991.

Polaroidak sailean, grina ikertzailea areago mugitzen da espresionismo abstraktuaren eta abstrakzio lirikoaren ildotik, Duque eta Sistiaga margolarien lanarekin ukitze-puntuak agertzen dituela. Partzelazioak, serialismoak eta fauve koloreek, zalantzarik gabe haren adiskide Ausserladscheider-en ondare, osatzen dute lan honen egitura. Esperimentatzeko eta beste lengoaia artistiko batzuetan murgiltzeko grina hori etengabe azalduko da beraren prozesu guztian, eta nola edo hala aberastu egingo du, eta konplexuago bihurtu, bere lanaren bilbea. Kolorea ez du etengabe erabiltzen lanean, baina berriz erabiltzen du, eta fagozitatzen, komeni zaionean eta gogoak ematen dionean.

Polaroids 1992Polaroidak edo Argiaren Koloreaz. 1992.


LEAXPI, INDUSTRI PAISAIAK
. 1991-1993.
Eta Leaxpi industri paisaiak (1992) zuri-beltzeko sorta bikaina iritsi zen, Salmeronen familiak larrua utzi duen eta bera ere era zuzen eta objektiboan murgilduta egon den herri makina-erreminta fabrikari eskainia. Errealitatea bazen berez nahikoa gogor, eder eta magikoa. Argazkilariaren hiru begiak baino ez ziren falta hura ikusi, begiztatu eta tankera emateko. Angeluar karratuko Hasselblad kamera batez Patricio Echeverría enpresan ateratako 1.500 fotogramak Leaxpi kafkatar eta plebeioa, surreal eta magikoa islatu zuten, Giorgio de Chirico-ren margolan batetik edo Tánguely-ren txatar-makina batetik aterea bezala. Makinak, eskorgak, mahaiak, mailuak, sufritzen duten gizonak, espazioan kokatzen direnak zalantzarik gabeko edertasun tekno-urbano bateko masak eta ilun-argiak sortzeko. Argi-kontraste gogorrez, beltzez eta kez, aurrean lanean ari diren gizonentzat basatiak eta bitxiak gertatzen diren makinez zamaturiko atmosferak. Errealismotik abstrakziora, prozesu sukartsu eta integratzaile batez, sail osoak eta lan bakoitzak berezko erritmoa eta bilatutako autonomia dituztela. Estetika povera, kontzeptual eta eraikitzaile batek indarrez inguratzen du Espainia erdian erakutsi zen lan hau. Erakusketaren elementu nagusia, gure ingurutik gero eta desagertuago dagoen makina. Alde horretatik, Salmeronen argazkilaritza, plastikoa izateaz gain, gure gertueneko historiari buruzko dokudrama bat da. Egileak fotografiatzen duen guztia desegiten ari da, desagertu egiten da, edo itxuraldatu.

Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.

Patricio Echeverría enpresak, aitona lanean aritu eta ia bizi izan zen lekuak, mundu liluragarri eta magiazko batera hurbiltzen zuen, hurbilekoa izanagatik ez errealtasun eta konpromiso txikiagokoa. Gaiak guztiz harrapatu zuen, baina baita ibilbide mantso eta gogorrak ere. Saila lantegiko kanpoaldearekin hasten zen, gero barnealdetik, eta azkenean objektu maitatuaren zati bateko eraiste eta suntsipenarekin. Kanpoko arkitekturekin hasi –beren putzuekin, eta tunel ilunetatik hartuak–, gero makinak eta labeak, galdategiak eta gizonak, eta azkenik objektu-gizaki ia sinbolikoki fusionatu eta lausotuen jolas liluragarri eta orgiastikoa. Azkenean berriz ekiten zaio arkitektura industrialari, haren ozarkeria eta indar guztiarekin. Salmeronen argazkigintzak, beraz, asko du argazkigintza verité-tik eta errealitatearen lekukotzatik, argazkigintza engagé-tik, inguruarekin konprometitua, beti ere molde intuitibo eta kultuan jasorik, begi boteretsu eta guztiz fin horrek eraturik, bai baita begi hori, eta modu naturalean eta apur bat gaiztoan batzen baita argazkilari honengan.

Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.

Gaiztoa diogu, izan ere, badirudi errealitatea, bai sorta honetan bai hurrengoan, Rwandari buruzkoa eta Zarautzeko Photomuseum-ean aurkeztua, 1995ean, suntsitu egiten dela objektu maitatu eta jazarriaren gaineko begiradarekin. Hala, haren begirada uztartu egiten da XX. mendeko abangoardiekin eta XXI. mendeko transabangoardiekin.

Leaxpi Industri Paisaiak. 1993.Leaxpi Industri Paisaiak. 1993.

Lanak Zaragoza, Errenteria, Guadalajara, Bilbo, Kordoba, eta Israelgo Tel-Hai Industrial Park-eko The Museum of Photography-n izandako harrerak hala berresten eta bermatzen du. Sail honetako argazkilaritza jakintsua da, zuzena, freskoa eta berezkoa. Eta zuri-beltza apustu deliberatua eta konprometitua da.

Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.


RWANDA
. 1992.
Eta antzeko zerbait gertatu zen Rwanda 1992 argazki-sailarekin; herrialdea gerran zen, eta Salmeronek hara bidaiatu zuen ikastaro bat emateko Nyundo-ko Ecole d´Arts-en. Hilabetean, egilea herrialdean zehar ibili zen, eta zuri-beltzeko 1.800 argazkitan eta 1.200 diapositibatan jaso zituen Rwandako bizimodua eta biztanleak anabasaren eta gerraren aurrean. Pertsonaia haietako asko desagertuak dira, haien herrixkak suntsitu edo sarraskitu egin zituzten. Aurreko erreportajearekin, Leaxpi industri paisaiak horrekin gertatutako ia gauza bera gertatzen da. Egindako argazkiak dokudrama bihurtu dira, gaur egun lehen mailako balio dokumental eta plastikoa dute. Haren argazkigintzak badu zerbait korrosibotik eta dramatikotik. Kamerak harrapatu eta maitatutako guztia hil egiten da. Argazki horietako batzuk Bartzelonako La Vanguardia egunkariak argitaratu zituen.

Rwanda. 1992.Rwanda. 1992.

Erreportajeak eskaini eta aurkeztu egiten ditu basarto nekazari eta biltzaileak, adreilu labeak eta adreilugileak, haurrak eta gazteak, artistak, amonak, eskolako sukaldaria, banana-zamaketariak, ama etxeak, neskatilak iturrira bidean, musikariak, familiak beren etxe aurrean, mekanika-lantegiko langileak, forjariak, sua, buztingintza, laborariak eta karobi zuloak. Salmeronek segurtatzen zuen jarduera horietako asko Legazpin ere egiten zirela duela gutxi arte. Harenak badu, beraz, teknologia konparatutik zerbait ere.

Rwanda. 1992.Rwanda. 1992.

Rwanda 2.000. urtean aurkeztu zen liburu formatuan. Hango pertsonak eta pertsonaiak aurkezten ziren horrela. Hango paisaiak eta etxeak, hango lan eta jai tokiak, halako urruntasun batez harrapatzen dira, kamera aurrean duintasun eta xarma handiz aurkezten eta mugitzen. Berezkoak duen xarma, naturalkeriarik ezarena eta eguneroko bizimoduaren erritualarena. Ediciones Focal-en formatu txiki zainduak, gainera, Salmeronen beraren bi testu mamitsu dakartza, bai eta Rwandako ipuin bat ere, Jokin Otaegik –Rwandan lanean urteak emandako misiolariak– moldatua.

Rwanda. 1992.Rwanda. 1992.

Jasotako paisaietako batzuk izugarri ederrak dira, eta orobat bertakoak berak, eguneroko bizitzaren soiltasunaren eta magiaren artean agertuak. Argazkigintza ez nabarmendua, apur bat urruna, umore eta ironia puntu batekin, baina errespetu eta maitasun handiz jasotako errealitatearekiko.

Rwanda. 1992.Rwanda. 1992.

Argazkiak selenio-sulfuro biratu batean eta urre bainu batean landu zituen, okre intonazio bat lortzeko, eta argazki-euskarriak hobeto kontserbatzeko. Guri bikaina iruditzen zaigu haren zuri-beltzezko argazkilaritza, tonuz eta ñabarduraz betea, konposizioaz eta planimetria ausartaz kezkatua: zorutik edo altueratik hartutako planoak, aurrealdetik edo bizkarretik, eta batez ere gizakiaz guztiz kezkaturik, dirudienez arte-postabangoardiako gehienen kezketatik oso urruti dagoen zerbait.

Rwanda. 1992.Rwanda. 1992.

PASEOAK ETA PAISAIAK. 1996 – 1999.
Egileak berak segurtatzen du “historia hau koloretan kontatu behar nuen. Kamera hartuta mendira irten, paseatu, eta berriz neureganatu ahazturik eta utzirik neukan zerbait: kolorea. Ibili beharra neukan, mendira joan eta arnasa hartu beharra, eta horretarako kolorea behar nuen. Mugimendua, gainera, beti gertatu zait interesgarria. Paisaia hori bi edo sei argazkitan ikusten dut nik, bata bestearen segidan atereak, modu zatikatuan edo sekuentzialean. Beti abiatzen naiz buruan oso aztertuta daukadan zerbaitetik, baina gero bizkor gauzatzen dut, era intuitiboan”.

korostitik Arrolara. 1996.Paseoak eta Paisaiak. Korostitik Arrolara. 1996.

Hala, paisaia zinetiko eta hegoduna sortzen da, oro sotiltasun eta mugimendu, paisaia bere bihurgunetan biltzen eta jasotzen duen aire bat bezala, ia kolore-orban huts bihurtzen duena, zinemako eta pinturako espresionismo abstraktutik eta errealismo magikotik gertu dagoen zerbait.

Zuhaitza. San Adrian. 1996.Paseoak eta Paisaiak. Zuhaitza, San Adrian. 1996.

Oraingoan argazkigintza inguratzailea da, sailetan emana, zinetikoa, eta pasio erromantikotik ukitu handia duena. Duraflex euskarri metalizatu baten gainean, Salmeronek kamera-kolpe lasterretan jasotzen du paisaia sinesgaitz baina egiazko bat, ia magikoa baina erreala, gure geografia gipuzkoarrean bertan ere badena. Leaxpiko basoak dira, eta Aizkorriko mazelak, edo Le Puy-en-Velay-ko urrunagokoak. Egilearen mendi-irteerak dira, modu bizkor eta ia onirikoan jasoak, gerora Bartzelonako Percolor laborategian landuak. Haren paisaiak zertxobait ezberdinak dira, XX. mendeko euskal margolaritzaren eta argazkigintzaren ikuspegi baretsu eta kontenplaziozkoaren aldean. Haren paisaia zinetikoak begirada hiritarragoak eta telematizatuagoak dira, mende berriaren hasierako komunikabideetatik hurbilagokoak, argazkigintza estatubatuarraren ildotik. Hala eta guztiz ere, eta kolorearen eta euskarriaren distira gora-behera, argazkigintza honetan ere bada hondo beltz bat, guztiz erakargarri eta korrosiboa, begiradaren tolesetan ezkutatuko litzatekeen kutsu garratz bat bezala: Aizkorri; horrek Europako eta Japoniako tradiziorik onenarekin ahaidetzen du.

Paseoak eta Paisaiak. Aizkorri: Kalbarioa... 1996.Paseoak eta Paisaiak. Aizkorri: Kalbarioa… 1996.

Paseoak eta Paisaiak lana haziz joan zen, harik eta, Duraflex paperean, 2’25 eta 3, 6 eta 11 metro luzeko tamainatara iritsi arte. Kolorezko makropaisaia bat zen, kameraren mugimendu bizkor batekin jasoa, argazkilaria paisaian barrena sartu eta landako berdean ibili ahala. Ia beti aurrealdetik, nahiz eta badiren cavalieri perspektibak, partzialagoan, seriatuak eta zatikatuak. Zatiak bere lorpen handienetako batzuk lortzen ditu paisaia ia minimaletan, zeinetan ia lan guztia egiten duten zuri-beltzak eta kolorearen zarrastak. Honako kasu hauetan konposizio japoniarreko eta kontzeptu minimaleko argazkigintza dugu, nahiz eta azpian dirauten espresionismo abstraktuaren ideiarik onenek, horixe izan baita, errealismo oniriko eta magikoarekin batera, Paseoak eta Paisaiak saileko oinarria eta substratua. Salmeronengan bada begi zorrotz eta sentibera ikusten eta jasotzen duen guztiarekiko, baina beste ezeren aurretik inguruko errealitatearen poeta bat dugu, bazter hauetan gutxitan ikusi den modukoa.

Paseoak eta Paisaiak. Le Puy. 1996.Paseoak eta Paisaiak. Le Puy. 1996.

Erakusketan ikusgai ziren beste bederatzi lanetan, gainera, zeruaren urdinak, argazki apur bat errealistagoetan, kolore-ukitu bat ematen du, eta zerumuga berrietarako eta poetika naturalistagoetarako zabaltze bat; batez ere zuri-beltzeko sortetan, aurpegi askotako argazkilari honek ez baitie sekula muzin egin horiei. Beste horrenbeste esan daiteke fotograma batzuei buruz, zeinetan egileak, aurreko proposamenarekin kontrajarrita, naturaren eta gauzen –“Panta rei / Oro mugitzen da” zentzu presokratikoan– keinu hutsa eta mugimendua jasotzen baititu.

Prantzian. 1996.Paseoak eta Paisaiak. Prantzian. 1996.

Ez da harritzekoa zenbait kritikarik eta historialarik lerro hori gerraosteko euskal espresionismo abstraktuarekin lotu izana, nahiz eta Salmeronen postulatuak –gure ustez– hurbilago dauden errealismo magiko eta onirikotik, Lekuona, Duque eta Sisitiagatarrekin lotua.
Argazkiei lagun egiten, José Luis Padrón Plazaola poeta galiziar-euskaldunaren poema sentikor samurrak ageri dira.

Paseoak eta Paisaiak. Aratzetik illunabarrean. 1996.Paseoak eta Paisaiak. Aratzetik illunabarrean. 1996.

ARRANTZALEAK. 1998.
Hein batean, Arrantzaleak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak argazkilariari egindako enkargu baten emaitza da, Bertan bilduman argitaratzekoa zen Josu Erkorekaren lana ilustratzeko asmoarekin. Eta “hein batean” diot, Donostiako Ontzi Museoan aurkeztu zen argazki-bilduma hark nahikoa funts eta autonomia zituelako bere hartan argazki-lan betetzat jotzeko eta hala irakurtzeko. Aurreko esperientzien ostean, orain Salmeron beste argazki-sail batekin ausartzen zen, Kantauri itsasoko arrantzaren (antxoa, txitxarroa, hegaluzea) eta haren itsas inguruaren gainean; irudi jasoak begi zorrotz, urrundu, neo-objektibo, ez hurbilegi, ez urrunegi horrekin; objektutik, eta harrapatu eta bertatik komunikatu nahi zaigun mundutik, ez apartatuegi horrekin. Argazkigintza, aurretik zuri-beltzean egindakoa baino leunagoa eta belusatuagoa da, preziosistagoa zenbait unetan; beste batzuetan, aldiz, bere magia-indar eta botere beltz guztia atxikitzen du. Lan honetan beltz gutxiago badago ere, edozein txokotatik eta edozein fotogramatan agertzen jarraitzen du, lorpen nabarmenak erdietsiz; eta bada halakorik ere zalantzarik gabe kolorezko eta mugimenduzko zenbaitetan, aurreko aldi batzuekin lotura daukan ezaugarria.

Arrantzaleak. 1998.Arrantzaleak. 1998.

Lehorreko begi batentzat erronka handia zen erreportajea, eta nasaiki gainditu zuen, itsasontzi batean zenbait astetan eta zorabio ederrekin izandako esperientziari esker, eta bere burmuin planimetriko eta neo-objektiboari esker.

Arrantzaleak. 1998.
Arrantzaleak. 1998.

Tamaina desberdineko berrogei irudik osatzen zuten erakusketa; jatorriz 35 mm-ko diapositiba koloretakoak, Radiance Select paper gainean positibatuak eta kolore faubistaz saturatuak. Argazkigintza hau naturalistagoa da, eta izaera adierazgarriagoa dauka, egitasmoak berak eskatzen zuen bezala.

Arrantzaleak. 1998.Arrantzaleak. 1998.

ADISKIDE ETA EZAGUNEN ERRETRATUAK. 2001.
Argazkilari gazte bat hala ausartzea erretratua bezalako gai aberats eta konplexu baten gaineko erakusketa monografiko bat aurkeztera, erronka pertsonala izateaz gain, akuilagarri ere bada irudi irakurle eta kontsumitzailearentzat.

Pepa. 2000.Pepa. 2000.

Salmeroni, jada argazkilari hastapenetatik, interesatu izan zaizkio erretratua eta giza irudia, bai eta senide eta gertukoak, adiskideak, lankideak eta antzerki giroko jendeak jasotzeko ere. Gehienak azken hamarkada honetan egindako erretratuak, zuri-beltzean eta koloretan, argazkilariak bere filosofia eta idiosinkrasia eransten dizkiela. Bakardade eta ingurune nahasketa bat; introspekzio eta testuinguru, korrosio eta dotorezia, gerturatze eta halako distantzia baten nahasketa, nahiz eta emaitzak askotarikoak izan, eta modeloak eta irudikatuak ez diren beti zabaltzen kameren objektiboen aurrean.

Primi. 1995.Primi. 1995.

Interesgarri gertatzen da egiaztatzea ezaugarri horiek oso ondo antzematen direla Susi-ren erretratuetan, eta bere Autorretratuan, osaba Primi-renetan, eta Josema eta Salva-renetan, Padron eta Kontxi, Gari, Pepa Makazaga, eta batez ere bere lagun on Pelu-renean, bibote eta tatuaiadun, erakusketa hartako erakargarrien eta finenetako bat. Adiskideen erretratuen artean, zuri-beltzeko bi harribitxi benetako nabarmentzen dira: Ivan eta John Wayne; Oteiza San Vicente-n, argazkirik espresionistena eta lausoena, Alberto Garcia Alix, Rwanda, eta Salmeronen senideena, kolore gorrixkatan, baita foto-collagerik karikatura-itxurakoena eta manipulatuena: Rober-ena eta Josemari Tolosarena.

Iván. 1991.Iván. 1991.

Baina, gure ustez, Salmeronek sorkuntzaren goi-maila iristen du gelatina-bromurotan, hainbat biraturekin, egindako erretratuetan; esate baterako, bere Autorretratua (1994), eta Oskar-ena; bai eta, polaroid batetik abiatuta, koloretan egindako bi serigrafiak, Pelu eta Autorretratua, lan helduak: errealitatea objektu ilun eta misteriotsu gisa begiesten eta hari buruz meditatzen emandako ordu asko dituzte barruan. Serigrafia honetan lortutakoa loturik dago berriz beraren hasierako esperientziekin, erakutsiak, bestalde, egindako lehen erakusketan, Errenteriako Gaspar erakustoki honetan bertan.

John Wayne. 2000.John Wayne. 2000.

NATURA. ZURI-BELTZEKO PAISAIA. 1995 – 2001.
Natura izenburuaren azpian, Bikuña jauregian, Legazpiko Lenbur fundazioak paisaia bilduma bikain bat aurkeztu zuen, 1995-2001 aldian egina. Zuri-beltzeko paisaia-sorta bat da, zeinean egileak bere lehengo eskema, sintaxi eta planimetrien zati bat erabiltzen baitu, eta berriro ere iristen baititu bere lorpenik onenak, eta bere aurreko proposamenak zabaltzen.

Natura. Arraseta. Legazpi, Gipuzkoa. 1996.Natura. Arraseta. Legazpi. 1996.

Leiar errealistago eta objektiboago batekin, argazkilaria berriz maitemintzen da Legazpi inguruko paisaiaz, pago eta haritzez, mendi-mazela laburrez eta haien belarrez, elurraren gaineko giza aztarnez eta urruneko mendiez. Bitarteko plastikoen ekonomia handiz eta gailu mekanikoen gama zabalagoz: kamera soilak, plakadunak, formatu ertainekoak eta panoramikoak, argazkilariak bere buruari ezartzen dio, beste behin, kaligrafia fotografiko hutseko ariketa serio eta erabaki bat. Neurri batean, eta urruntasun halako batekin, baditu ukitze eta igurzte puntuak Man Ray, Douglas Anderson eta Geesman-en proiektu erradikal batzuekin.

Lakiola. Legazpi, Gipuzkoa. 1996.Natura. Lakiola. Legazpi. 1996.

Araztasuna eta soiltasuna planoetan eta argazki berean. Espazioaren sinplifikatze eta poetizatzeak bultzatzen dute arreta mikro eta makroklimetan jartzera; klima horietan gurutzatzen dira panoramika eta ikuspegi handia, sasien gotorleku txikiarekin edo elurretako  oinatzak, paisaietan agertzen hasten diren pertsonaia txikiak eta izaki maiteak, Paseoak eta Paisaiak izeneko lehengo sailean ez zeudenak. Gizakiaren hatza neguko paisaian, hondakin, lorratz eta zeinu txikietan adierazia, sotilki antzeman daiteke argazkigintza honetan, kalitate handiagokoa eta errealitateari eta mikroklimari hurbiltasun handiagokoa. Begiradaren sotiltasunak bultzatzen du xehetasun txikien eta hutsalenetan zaindutako eta mimatutako paisaia bat irudikatzera. Badirudi Small is beautiful (txikia eder da) dela une honetako leloa. Salmeronen argazkigintza preziosistagoa eta sendoagoa bihurtu da, sotilagoa eta trinkoagoa, lehengo formatu handietan baino. Badirudi berreskuratu egin duela begirada sakonaren zaletasuna, aurreko aldikoa baino aztertzaileagoa eta mikroskopikoagoa. Askoz ere abstraktuagoa eta bihurri-korapilatsuagoa. Esentzia flasko txikitan gordetzen bada, Natura laneko mikro/makrofotografiak, zalantzarik gabe, goi mailako zapore ekologiko eta plastikoko delicatessen txikiak eskaintzen ditu. Udazkeneko sentsualtasunetik eta formatu handiko paisaiatik, argazkilaria Neguko soiltasunera eta gogoa biltzera igaro da. Ikusteko dago datozen urteetan zer emango diguten Udaberri erromantiko batek, eta Uda guztiz bero batek Euskadi Tropikaleko hondartzaren batean. Eman diezaiogun denbora argazkilariari, eta ikus dezagun sail berri horiek itxi, edo ikuspegi eta panorama berriak zabaltzen dituzten.

Natura. Lakiola. Legazpi, Gipuzkoa. 1998.Natura. Lakiola. Legazpi. 1998.

Azkenik, erakusketa honi Elgoibarko Ongarri-k egindako edizio zaindu eta guztiz finak, Bilduma Fotografiko-ko 4. zenbakiarekin, ondo erakusten du badela oraindik gurean jende talentuduna, Jesus Mari Sarasua eta Jokin Martinez-en kalitate eta kategoriakoa.

Natura. Korosti. Legazpi, Gipuzkoa. 1999.Natura. Korosti. Legazpi. 1999.

GI-632. ESPERIENTZIA ARRAZIONALISTA. 2004.
Naturaren aurkako eraso bat, halakotzat jo baitzitekeen GI-632 autobidearen eraikuntza, Beasaindik Zumarraga-Legazpira, baliatuko du egileak argazki-sail bat egiteko, 20 x 25 cm-ko Sinar kamera batekin, Mitsubisi baten sabaian igota; sintaxi arrazionalista eta brutalistaz zamaturiko saila, gris belusatuekin eta beltz margulekin.

GI-632. Ittsaso.  2004.GI-632. Ittsaso.  2004.

Makinek lurraren erraietan utzitako aztarna-zaurien ondoan, argazkilariak sosegu, indar eta lirismo handiz harrapatzen ditu zementuzko gainazal handien isiltasuna, kofratzeen hondakinak, bazter isil ahaztuak. Sail honetan, haren argazkigintza ez dago urrun Ortiz-en eta arkitektura garaikideetako beste argazkilari batzuen kameraren proposamen jakin batzuetatik.

Getaria. 2006.Getaria. 2006.

Mundu tekno-urbanoan egindako sartu-irten horiek behin eta berriz gertatzen dira, mailaz maila eta etengabe, Salmeronen prozesuan, eta ez dakigu salaketa sozial estali gisara egiten ote duen, edo bere inguruaren egiaztapen huts gisara. Naturatik porlanera, rerum naturae-tik civitas cementi-ra, igarotze hori areago da errepertorio ikonografikoen aldaketa, sintaxi aldaketa sakona baino. Salmeron ia beti zaie fidel bere buruari, bere kontzeptuei eta begiradari. Isiltasuna eta sosegua. Baina beti, hori bai, gertatzen eta igarotzen denaren egiaztatze enpirikoa. Paisaiaren heriotza eta berpiztea, komunikabide berrien eta teknologia urbano eraldatzaileen bitartez.

GI-632. Ezkio. 2004.GI-632. Ezkio. 2004.

PROTOTIPOAK. 2008 – 2010.
Leioako Arte Ederretako fakultatean ikasteari ekin zionean hasi zen haren lanaren bigarren loratzea. Ikasketa berriek eta artearen historiarako hurbilpenek esperimentazio eta giza izaeraren barne-aztertze aldi berria eragin zuten egilearengan. Gizon-emakumeen gorputza, burua, soina, mozorro afrikar gisara tratatzen du batzuetan Prototipoak sail honetan, askotariko teknikekin: zilar gelatina, copy-grabatua, fotoxilograbatua, litografia, inpresio digitala Guarro Super Alfa paper gainean, inpresio digitalaren gaineko grabatua, zilar gelatinaren gaineko copy-grabatua, mihise gaineko inpresio digitala, mihise gaineko olioa; eta arte-lan gailenak lortzen ditu, kalitate handikoak eta XX. mendeko abangoardia onenekin lotuak: arte beltza, espresionismo alemana, faubismoa.

Prototipo. Gizona. 2008.Prototipoa. Gizona. 2008.

Prototipoa. Emakumea. 2008.Prototipoa. Emakumea. 2008.

Beste sorta bat da Autotratuak eta Prototipoak Ilunpetan: pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinaren gainean. Inpresio hauek, aingeru eta sainduen aurpegi erromanikoen gainean edo beraren alaba Lexuri-ren burezurraren eta eskuen erradiografien gainean, badirudi Goyaren zain basatiarekin lotzen direla, eta zenbait korronte gotiko garaikiderekin.

Autotratua.Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan. 2009.Autotratua.Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan. 2009.

Autotratua. Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan (ilunpetan). 2009Autotratua. Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan (ilunpetan). 2009.

Autotratua. Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan. 2009Autotratua. Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan. 2009.

Autotratua. Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan (ilunpetan). 2009Autotratua. Pigmentu fotoluminiszentea zilar gelatinan (ilunpetan). 2009

Eta, azkenik, Gorabehera Gorri-urdinak (Carlos Ausseladscheider-i omenaldia), akrilikoa mihise gainean, forma geometriko abstraktuekin. Urteak aurrera, lan horietako batzuk hainbat erakusketatan azaldu ziren, eta oraintxe emango dugu horien berri.

Gorabera gorri urdinak. Carlos Ausserladscheider-i omenaldia. 2009. (Akrilikoa mihisean).Gorabera gorri urdinak. Carlos Ausserladscheider-i omenaldia. 2009. (Akrilikoa mihisean).

Gorabera gorri urdinak. Carlos Ausserladscheider-i omenaldia. 2007. (Akrilikoa mihisean).Gorabera gorri urdinak. Carlos Ausserladscheider-i omenaldia. 2007. (Akrilikoa mihisean).

Arte-lan horiek, XX. mende hasieran bezala, Legazpiko erakusleiho, saltoki eta dendetan ezarri ziren, Gorka Salmeron argazkilari eta sortzailearen eskutik. Maniki eta bustoak aurkitu zituen Juan Cruz ile-apaindegian, Gordoa lentzeria-dendan eta Kiku zapata-dendan, eta haiekin argazkiak, inprimatzeak, grabatuak eta argazki digitalaren gaineko grabatuak egiten hasi zen, irudi asko sortu arte, gai beraren inguruko bariazioak eta konbinazioak, Arte Ederretako irakasle Susana Jodra, Fernando Mardones eta Txema Elexpururen zuzendaritzapean; lanok egoki aurkeztu ziren manikiak hartutako denda eta saltokietako erakusleihoetan eta barnealdean (2009).

Gizona larrosaz. Copy-grabatua. 2010.Gizona larrosaz. Copy-grabatua. 2010.

Emakumea urdinez.Copy-grabatua. 2010.Emakumea urdinez. Copy-grabatua. 2010.

Emaitza, baiki, eskolako eta eskolarako ariketa huts bat baino gehiago da. Beste ezer baino lehen jarduera buruargia da, haur eta helduen manikien argazki eta grabatu artegagarriak ematen dituena, irudi sinbolikoetara murriztuak, orain arte bere argazkigintzan islatutako irudien errealitate naturalistago haren prototipoetara; bihurtzen dira, horrenbestez, pertsonaia irreal, zientzia-fikziozkoen gisakoak, errealitatearen eta fantasiaren artekoak.

Prototipoa. 2008.Prototipoa. 2008.

Aurretik, dadaistek, surrealistek eta konstruktibistek erabiliak zituzten manikiak, hainbat azentu eta erabilerarekin, eta orain Salmeronek berriz erabiltzen ditu, manipulatuz, errealitatean dituzten tipoekin kontrajartzeko, koska bat estuago egin eta haiengandik askotariko aukerak eta esanahiak ateratzeko.

Prototipoa. 2009. (Oleoa mihisean).Prototipoa. 2009. (Oleoa mihisean).

Zuri-beltzeko argazkiek, kolore bakarreko, kuatrikomiako edo negro guarro-ko grabatuek emaitza sendoak  ematen dituzte: aurpegiak eta anatomiak, batzuk soilagoak, beste batzuk probokatzaileagoak; giza aurpegiak eta enborrak, xalotasunez eta izuz, soiltasunez eta probokazioz zamatuak, fotomatoiko erretratuen arte naif-etik arte beltzaren edo XX. mendeko espresionista alemanen grabatuen probokazioetaraino.

Prototipoa. Fotoxilograbatua. 2009.Prototipoa. Fotoxilograbatua. 2009.

Emaitzak ere ez dira guztiak berdinak. Batzuek, lehen begiratuan, soilagoak dirudite. Beste batzuek, ordea, konplexuagoak. Guri erabat interesgarriak iruditu zaizkigu grabatutik abiatuta egindako aurpegi-xilografiak, zuri-beltzean ebatziak edo osagarri polikromoekin. Aurpegi begidun edo begirik gabeak, ia totemikoak, marrek eta karrakatzeek zeharkatu eta tartekatuak. Denboraren joanak gizakiarengan eragindakoaren orografiak. XXI. mendeko gizaki anonimoaren aurpegi desitxuratuaren mozorroak. Nortasunik gabeko aurpegiak, noizbait izandakoak edo izango dutenak; baina hori, neurri handi batean, espazio-denboran hartzen dugun jarreraren eta lekuaren baitan dago.

Prototipoa. Copy-grabatua inprimaketa digitalaren gainean. 2009.Prototipoa. Copy-grabatua inprimaketa digitalaren gainean. 2009.

Giza gorputzaren eta irudiaren gaineko gogoetak, pertsonarekin hainbeste jolasten den eta pertsona hainbeste manipulatzen den garai batean. Ariketa intelektualak, giza gorputzaren edertasuna hainbeste zaintzen den eta hainbeste erakuskeria egiten den sasoi baterako. Oso ederrak dira orobat biluzi asexuatuak, eta ezkutuko erotismo-karga handia dute gainera. Haur manikien argazkiek ere sotiltasun eta suntsikortasun karga handia dute.

Prototipoa. Copy-grabatua inprimaketa digitalaren gainean. 2009.Prototipoa. Copy-grabatua inprimaketa digitalaren gainean. 2009.

Hainbat hormatan eta Legazpiko elizaren zutabe handietan ere (2010) erakutsi ziren tamaina handiko argazkiak, Lizarrako San Migel elizaren –penintsulako erromanikoaren azken sorkariaren– eta Guardiako San Juan elizaren portaleko irudi batzuen aurpegiekin. Argazkien formatuak eta leiarraren hurbiltasunak jaso eta, halakorik ahal bada, are handiago egiten dute aurpegi horien (Maria, aingeruak, sainduak) boterea, maiestatea eta baretasuna. Aurpegiok fedearen mintzairan hitz egiten dute, eta Erdi Aroko giza portaera azaltzen dute Jainkoaren hitza harrizko adierazpen bihurtuaren aurrean.

Prototipoa. Lizarra. 2008.Prototipoa. Lizarra. 2008.

Formatuen irmotasunak, bikromatismo soilak, erlijio-esparruak berak giza azentu berriak eta berrituak harrarazten dizkiete aurpegi horiei, baretasunez, bakez, galderaz eta gizarte eztabaidaz beterik. Ez al daude oso gertu gaur eguneko aurpegi batzuetatik? Ez al dira, Malraux-ek esan bezala, gure historiaren eta gure gizarte-bilakaera hurrekoenaren parte? Zer dute gertutasunetik eta zer hausturatik 900 urtek arlo artistikoan? Zer ukitze-puntu dituzte beste artista batzuek –Rafael, Michelangelo, Hernandez, Picasso, Dali edo Warhol-ek– marrazturiko giza aurpegiekin?

Prototipoak. Inprimaketa digitala mihisean. 2010.Prototipoak. Inprimaketa digitala mihisean. 2010.

Prototipoak. Muntaia Legazpiko elizan. © Óscar Pereira. 2010. Prototipoak. Muntaia Legazpiko elizan.
© Óscar Pereira. 2010.

Galdera horiek eta beste asko iradoki ahal dizkigute Salmeronen ikono hauek, askoz gehiago baitira, Nafarroako Erresuma Zaharreko portale erromaniko baten, ederrena izanik ere, transkripzio plastiko, dokumental edo historikoa baino. Irudi biziak dira, errealak, egunekoak eta garaikideak, kastako argazkilari baten begi zaildu eta irmo, aztertzaile eta hotzari esker; berdin irudikatzen baitu bere alabaren giza aurpegia, maniki batena, eskultura erromaniko bat edo bidean suertatzen zaiona. Irudi hauetako batzuk, kontrapuntu gisa, Legazpiko Liburutegian ere erakutsi ziren.

Prototipoak. Action Man - Barbie. 2008.Prototipoak. Action Man – Barbie. 2008.

EGUNEROKOAK. 2010.
Gorka Salmeronek Elgoibarko kultur etxean aurkeztu zuen Egunerokoak saila (2010), lotura profesional handia daukan herri horretan. 25 argazki dira, telefono mugikorrarekin eginak bere inguru hurbilean, egunero aurkitu ohi duenaren gainean.

Egunerokoak. 2008.Egunerokoak. 2008.

Bainugela, eskuoihalak, alaba Lexuri bainuontzian, ahatetxoak uretan, ke-erauzgailua, platerak eta kafe-ontzia, lapikoak, sardexkak eta labanak, plastikozko gantxoak mundu industrial eta etkniko oso bat, plastikoz eta polimeroz egina, begi tribial soil-soilez jasoa, baina hori bai, perspektiba aurrez aurreko edo cavalieri zainduekin, objektuak egoera zinetikoetan, eta beti tinta pigmentatu sotilekin koloreztatuak: arrosa, berdea eta hori margulduak, akuarela-paper gainean; guztia, asepsiaz bezala, errealitate light eta motel samar batekoa bezala. Egileak, esaten zaigu erakusketaren katalogoan, bizitzako erritmoaren joan bizkor iheskorra harrapatu nahi du, baita bizi garen gizarte honetakoa ere. Horixe da, ez gehiago eta ez gutxiago, erakusketa honetan islatu nahi dena. Argazkia, margolaritza, errealitatearen kronika huts-hutsean. Telefono mugikor bateko kamerarekin egindako argazkigintza izanik ere, ehundura zainduak eta planimetria dinamikoak lortzen ditu.

Egunerokoak. Lexuri. 2008.Egunerokoak. Lexuri. 2008.

Urte hartan bertan lan zaindu bat egin zuen Ene begiek (ez dute malko isuritzeko gogorik, denik eta bizitza bakarra bizi dutelako…/ Sarrionaindia eta Ruperri esker) gaiari buruz, askotariko teknikak erabiliz: Guarro Super Alfa paperaren gaineko inpresio digitala, tintak, akrilikoa, collage-a, akuarela, pigmentu fotoluminiszentea, argazkiak, elektrografia eta akrilikoa inpresio digitalaren gainean –giza begia orban abstraktu eta geometrikoetan deskonposatuz–, izaera zinetiko eta seriatuan, eta zenbait kolore txandakatuz tamaina handiko proposamen bakoitzean. Argiaren eta pigmentuen kezkak bizirik dirau beraren obran, eta halaber hastapeneko asmo esperimental eta aztertzaileak.

Ene begiek. 2010.Ene begiek. 2010.

Esperimentazio hori bera azaltzen du Salmeronek Narrazio bisual bat, autoezagutza eta ikerketa hezkuntza artistikoan sailean lortutako errepertorio antropomorfoetan, bai eta Zuloaren deskonposizioa sailean egindako errepertorio geometrikoetan ere, eta batez ere bere Laneko Koadernoa-n: egunkari modukoa, marrazki pop, abstraktu eta surrealistekin, collage eta era guztietako proposamenekin.

0007Narrazio bisual bat, autoezagutza eta ikerketa hezkuntza artistikoan. 2011.

004Narrazio bisual bat, autoezagutza eta ikerketa hezkuntza artistikoan. 2011.

Descomposición del zulo. 2010.Zuloaren deskonposizioa. 2010.

De un cuaderno... 2010.Kuaderno batekoak… 2010.

Autotrato. De un cuaderno... 2010.Autotratua. Kuaderno batekoak… 2010.

TIPIKOAK ETA ARKETIPIKOAK: AURREZ AURRE. 2011 – 2012.
Gorka Salmeronen azken argazki-sailak, Zumarragako kultur etxean, 2012. urtearen amaieran, Oscar Pereiraren lanarekin batera aurkeztua, bien kasuan aurrez aurreko erretratuak eskaintzen zuen, gorputz erdi, hiru laurden edo gorputz osokoak; argazkilariaren parean, erretratatuak erosoago eta libreago kokatu dira Salmeronen kasuan, era adierazgarriago eta kokatuagoan Oscar Pereiraren lanetan: pertsonaiak berak ahalegina egiten du egunerokotasunaren eta historiaren aurrean daukan jarrera guri komunikatzeko eta, horren ondorioz, XXI. mendearen hasierako krisiaren gizartearen erretratu tipiko eta arketipiko bihurtzen dira.

Edurne, Ester. Fuenmayor, La Rioja. 2011.Edurne, Ester. Fuenmayor, Errioxa. 2011.

Iñaki eta Aquiles, Borja, Edurne eta Ester, Topi eta May, guztiek, pareta, horma eta eskuoihalen aurrean paratuak, ikusleari begiratzen diote beren nitasunetik, beren existentziaren hondotik, lasaitasunaren eta krisi existentzial eta sozialaren nahaste, kontrolik gabeak iruditzen zaizkigun zioengatik, eta distantzia eta etsipen puntu bat egozten dutenak.

Iñaki, Aquiles. Legazpi, Gipuzkoa. 2011.Iñaki, Aquiles. Legazpi. 2011.

Salmeronen argazkigintzak, errealismo magikoaren eta pop puntu baten artean (tonu belusatuengatik eta kolore ausart eta fosforeszenteengatik), ironiaren eta eguneroko bizitzaren korrosioaren arteko begirada batez aukeratzen ditu modeloak. Azken batean begirada samurra, atsegina, elkartasunezkoa da. Bada familiartasun-hitzarmen moduko bat erretratatuekin: horma eta paretetan txertatzen dira, eta horrek testuinguruan jarri eta nabarmendu egiten du mundu pribatua, sarritan latza eta ez oso edulkoratua. Pertsonaia arketipikoak dirudite: kaleko gaztea, rasta, emakume ezkonduak, anarkistak. Salmeroni beti interesatu izan zaio, errealista berriei bezala, errealitaterik hurbilena eta gertukoena.

Aurrez Aurre - Cara a Cara. Borja. Fuenmayor, La Rioja. 2011.Borja. Fuenmayor, Errioxa. 2011.

AMETSEKIN PASEOAN. 2011- 2013.
Salmeronen azken argazkiek –bere seme eder eta ilehori Ametsi mugikor batekin egindakoak, oraindik inprimatu gabeak– semearen irudia erakusten dute hainbat leku eta jarreratan, kolorez eta bizitzaz beteak. Leihoek, arkitekturek, barrualdekoek eta paisaiek kontrapuntua egiten dute, eta haurra laukian sartzen.

Ametsekin Paseoan. Legazpi. 2012.Ametsekin Paseoan. Legazpi. 2012..

Honaino iritsi dira gure kronikak eta gure topaketak Gorka Salmeronen lan plastiko eta fotografikoaren inguruan, zeinean nagusiki giza irudiarekiko eta inguruko paisaiarekiko arreta topatzen dugun, euskarrien inguruko ikerketarako ardura, errepertorio teknologiko eta ideologikoak, emaitza klasikoen bilaketa eta abangoardia historikoekin –bereziki XX. mendeko espresionismo aleman eta espainolarekin– lotutako argazkigintza iraunarazteko eta aitzinarazteko grina.

Ametsekin paseoan - Paseos con Amets. Fuenmayor, La Rioja. 2012.
Ametsekin paseoan. Fuenmayor, Errioxa. 2012.

Legazpi, Gipuzkoa. 2013.Ametsekin paseoan. Legazpi. 2013.

 AHOTS ZILEGITUAK.

“Irudiak gauzatzeko bitarteko gisa argazkigintzak eskaintzen dizkigun aukeren artean, bada alor bat gaur egun ia ezagutzen ez duguna, ezin kontatuzko bideak zabaltzen dituena: euskarriak emultsionatzea. Edozein argazki-dendatan hainbat paper fotografiko aurki dezakegu, baina aukera mugatua da, zer edo zer apur bat berezia bilatzen duzunean nekez aurkitzen duzu, ez delako inportatzen, edo dagoeneko fabrikatzen ez delako.

Baina ez al zuen lehen argazkilariak berak bere negatiboak prestatzen, papera emultsionatzen eta bere argazki-tresna bera ere eraikitzen?
Argazkiak egiten, euskarri desberdinak emultsionatzen, mundu oso bat aurkitu dut, ikerketan jarduteko, antzinako argazkilariek egindako lanean oinarrituta.
Prozesu honen oinarrizko zimentarria zera da, produktu kimiko batzuek, argitara eduki ostean, disolbaezin bilakatzeko duten dohaina.
Arreta deitzen didaten irudiak, begiz jotzen ditudanak, jasotzen ditut, baina nire gogara eraldatuz, eta txandakatuz.
Argazkigintzak niretzat duen akuilagarri handienetako bat zera da, zenbat eta gehiago ikertu, hainbat harrituago geratzen zarela lor daitezkeen emaitzekin.
Horrexegatik, esperientzia berri bakoitza ustekabe berri bihurtzen da; nahiz eta arazo txiki bat dagoen euskarriak emultsionatzean: ezinezko gauza da bi argazki berdin-berdinak lortzea.”

Gorka SALMERON. 5 Argazkilari Gipuzkoar Gazte. Arteleku, Donostia. Gipuzkoako Foru Aldundia. 1989. 34. or.

00 5 ARGAZKILARI1989

“Irudiak bata bestearen ondoan jartzeak –espazio berri bat sortuz, laukiek zatikatua– ehundura konplexua sortzen du azkeneko lanean, eta izaera panoramikoa bata bestearekiko elkarzut diren bi norabidetan azaltzen da. Alde batetik, eskuarki goitik beherakoan, kamerako objektiboaren ekortzea, argazkilariak ezartzen duen mugimenduak nahastua. Bestetik, ezker-eskuinekoan, irudien justaposizioarekin lortua: irudiek irudimenezko espazio bat eratzen dute, eta irudien arteko lotura areago arautzen du elementuen errepikapenak, ikuspenaren logikak baino. Eta espazio hori, azken batean, ez da dimentsio, argi eta mugimendu baizik.”

Ramón ESPARZA. Paseoak eta Paisaiak. Arabako Artxibo Historiko Probintziala,  Gasteiz. Arabako Foru Aldundia. 1999. 5. or.

Paseoak eta Paisaiak 1999

 

 “Formatu arras handiak erabili ditu. Baliatzen dituen plakak, teknikari dagokionez, argazkigintza digitalaren antipodetan daude. Krudelak gerta daitezke erretratatuentzat, eta erabat estuak dira argazkilariarentzat. Ezin da deus geratu zoriaren mende, ezer ez baita barkatuko. Hartualdiaren une labainetik kopiak egiteko pauso konplexuetara, Gorka Salmeronen jarrera gertuago dago tradiziozko jarraibide modernistetatik, edozein tentaldi postmodernistatik baino; askoz hurbilago dago klasizismo tekniko onenetik, ohikoak diren peripezietatik baino.

Argazkilari erradikala da. Eta hori, beherapena, anbiguotasuna, merkatu-arauak eta uste sendoen gabezia nagusi diren garaiotan, oso da eskertzekoa.”

Carlos CÁNOVAS. Erretratuak. Ignacio Aldecoa kultur etxea, Gasteiz. Arabako Foru Aldundia. 2006. 2. or.

Erretratuak 2006

“Artisau tratamendu-prozesuetan edo zuri-beltzeko argazkigintzan berean –birritan zaharkituak– behin eta berriz aritzeak aditzera ematen du egileak beharbada erresistentziako jarrera duela modernotasunaren aurrean, gaurkotasun teknologikoaren eta hiriko bizimoduaren aurrean. Bada horretatik zerbait, baina gehiago ere bada: izan ere, erresistentzia hori ez da hainbeste teknologikoa, zentzu zabalean bizitzari dagokiona baizik. Gorka Salmeronek astiro zeharkatzen ditu natura birjineko lekuak, uhartexka mehatxatuak, eta bitartekotasun teknologiko egokia bilatzen du –zuri-beltzeko argazkilaritza analogikoa, hura ere mehatxatua–, haien hauskortasuna erakusteko, eta bere hurbiltze malenkoniatsua adierazteko galtzen ari diren lekuekiko eta haiek jasotzeko moduekiko”.

Francisco Javier SAN MARTÍN. Natura – GI-632. Godoy World Art galeria, Madril. 2007. 2. or.

 

 GI 632 2007

 

OHARRA: Honako lan hau Deia egunkarian agertutako zenbait kronikaren sintesia da, egokiera honetarako eraberritu eta gaurkotua, gehi hainbat Ahots Zilegitu.

Edorta Kortadi Olano.
Arte kritikari eta historialaria. 2013.

Leaxpi Industri Paisaiak. 2014. Liburua.