Carlos Cánovas: Oharrak historia amaigabe baterako. 2013.

Gerardo Markuletak egindako itzulpena


Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.
Leaxpi Industri Paisaiak. 1991.

OHARRAK HISTORIA AMAIGABE BATERAKO

ZOTZAK BOTEAK DIRA
Askotan esan izan da umetan argazkigintzako gela ilun bat ikusteko aukera izan zuena betiko geldituko zela leku horren magiak harrapaturik. Neure esperientziak berak balio dit hori berresteko. Bospasei urte izango nituen, gure aitak, apur bat puztuz, argazki “laborategia” deitzen zuen lekura lehen aldiz sartu nintzenean. Esan dezaket leku mistiko-erlijioso-magiko hori etxeko bainugela baino ez zela, jatorrizko zereginetik oso urruti zegoen beste horretarako egokitua. Neure burua ikusten dut, isurkariak hartzen zituzten azpiletara altxatzen –likido haien usainek gero betiko lagundu naute–, minutu pare bateko tarte laburrean ingurua gero eta zehaztuago eta ilunago jartzen zitzaien orban leun haiei begira, harik eta aurpegiak, etxeak, mendiak edo itsasoak izatera iristen ziren arte. Magia benetakoa.
Lehen ikusi batera pentsa liteke argazkigintzako “gela ilun” baten isiltasuna eta dimentsioa antipodetan dagoela burdingintza enpresa handi batetik; enpresan, espazio erraldoiak, beltz-beltzetik gertukoak, zaratots infernuko, mehatxagarriek inbaditzen dituzte, eta espazio horiek, bat-batean, beste mundu batetik heldutako dirdaiz betetzen dira, eta kez –haren presentzia dirdai horiengatik da agerikoa, baina ilunpean ere hor dago–, eta lege lausoen aginduz mugitzen diren baina norbaitek doitzen badakien itzalez. Noizean behin, aurpegi bat, beharbada batzuk, agertu eta desagertu egiten dira, isilean, argiarekin batera. Gorka Salmeron behin izan zen hamar urteko haurrari, aitonaren ondoan lehen aldiz fabrikara sartzean, zirrara bizia eragingo zion hango giro boteretsuki beldurgarriak. Giro horrek, gero, lagun egingo dio beti, modu batera edo bestera.
Esandakoagatik, begien bistakoa da Gorka Salmeronen biografian bi mundu horiek bata bestearen eskutik ibili zirela noizbait, zein bere alderdi magikoekin. Ez dakit nola gertatu zen bat-egite hori, zein puntutan erabaki ote zuen argazkilari izatea, eta zein eragin izan ote zuen horretan, halakorik izan bazuen, instalazio horiei egindako bisita goiztiarrak. Gorkak esan ahal lidake –sekula ez diot galdetu nahi izan, ordea– ez zela halako loturarik izan, eta nik duda-mudarik gabe sinetsiko nioke, ziur bainago gizon egiatia dela. Baina neure baitan jarraituko nuke uste izaten ezinezkoa dela bataren eta bestearen arteko loturarik ez izatea: lantegia, bere giro ilunbetsuarekin eta argi gorri/zuri goriekin; eta gela iluna, bere irudiekin, isurkari batean murgildurik, ezerezetik zetozela.
Orain –askoz geroago– iruditzen zait bi mundu horietan zotzak boteak zirela jadanik. Ez dakit ezertxo ere Gorka Salmeronek intuizioa eduki ahal izan ote zuen, bere gaztetasunetik eta argazki-irudiaren unibertsoarekin izandako lehen kontaktuek (1985) eragindako suhartasunetik, ordurako nonbait idatzita zegoela metalgintzaren eta argazkigintza kimikoaren gainbehera, berak ezagutu zituen moduan. Ziur asko, ez. Jakitun naiz abantailaz jokatzen dudala –denborak ematen duen aldeaz–, (ia) iraganekoak diren unibertso magiko horien suntsipenak lotzean. Atzerako “iragarpenak” erraz askoak dira. Baina ezin dut, bestalde, bazterrera utzi askok horretaz zer edo zer susmatzen genuelako “ziurtasuna”. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, adibidez, Bilbo fotografiatzeko enkargua jaso nuen, gero industria-hiria izatetik zerbitzu-hiria izatera eramango zuen eraldaketa ikusgarria jasango zuen hiriburua. Lehentxeago, laurogeiko hamarkadaren amaieran, idatzi nuen argazkigintza industriaren aldi kimikoa bukatzen ari zela. Ez dut nahi irakurleak pentsa dezan oso argia izan behar dudala, eta gauzak iragartzeko ahalmen zorrotzekoa. Ez: besterik gabe, aldaketa horiek zeuden, esan ohi den bezala, airean, eta, gutxi-asko, denok jakitun ginen egunen batean iritsiko zirela.

HARI DOKUMENTAL BAT
Desagertzeko puntuan dagoen hori da, hain zuzen, lur ongarritua “dokumental” esan ohi diogun horretarako. Zerbait desagertzera doala jakiteak zer hori erregistratzera bultzatzen gaitu, iraunarazteko ahalegina egitera. Lortu nahi dugun iraute hori izan daiteke norbere bizipen indartsu batena, laster batean galduko den leku batena, sekula berriz gertatuko ez den zerbaitena. Urrats bat gehiago eginik, dokumenta dezakegu, besterik gabe, ikusten duguna, eta bertatik urrundutakoan ikusiko ez duguna. Dokumentatzea beti dago loturik galeraren nozioarekin, eta horretan datza argazkigintzaren muina. Begien bistako gauza da argazkigintzak oso eremu zabala hartzen duela, eta oso aukera desberdinak bete ditzakeela. Begien bistakoa, era berean, dokumentazio-betekizun hori gabe, beste zerbaiten gainean ariko ginatekeela.
Dokumentalak oso tradizio luzea du, eta denboran zehar –batzuetan norabide batean, beste batzuetan beste batean– eraikitako legeei erantzuten die. Argazkigintzan jardun zuen lehen urteetan, normala denez, Gorka Salmeron urruti zegoen tradizio hori eta haren “arauak” ezagutzetik; bere argazkilari-intuizio hutsaren eskuetan zegoen. Labur bada ere, haren lehen lanari erreparatu nahi diot orain: Puertas-Ateak. Hainbestetan gertatu ohi denez, hasierako lanek barnean dituzte jada gerora garatuko diren norabideak. Argazki-sail horren oinarrian bada niri ezin saihestuzko harreman bat dokumentalarekin, nahiz eta litekeena den kolorearen tratamenduak orientazioa galaraztea eta beste bide batzuetatik eramatea. Irudiak arretaz begiratuz gero, aurrerago lagungarri izango zaizkigun giltzarri batzuk ezar ditzakegu: beltzaren garrantzia (argirik eza), kolorearen saturazioa, esperimentatzeko grina (gainjartzeak, kolore iragazketak etab.), abstrakzioarekin flirt egitea, irudi bat beste batzuetan banatzea edo kontrako aldera, bai eta argazki batzuen hominizazioa, gauzen halako aurpegi bat bilatuko balute bezala.
Puertas-Ateak lan indartsua da, bere garaian arrisku handiak hartutakoa. Arriskatze horrek argazkilari ireki bat azaltzen digu: harentzat, argazkigintza eta prozedura parafotografikoak, hala deitzerik badago, argazkilariak aurre egin beharko dion paisaia oinarrizkoaren parte dira. Ikerketa ezaugarri erabakigarritzat duten artista guztiek bezala, bere ibilbidean Gorka Salmeronek behin eta berriz utziko du garbi beretzat argazkigintza sartu-irteneko lurraldea dela, desberdinak izan daitezkeen helburu eta emaitzekin, etengabe berrikusten diren input eta output-ekin.
Esan liteke badela halako ezegonkortasun bat horretan, eta beharbada hala da. Esperimentatzeko grina albo batera utzita ere, zalantzarik gabe egon behar du jarduera guztiari halako sendotasun bat emango dion ore bat, hautabide batzuetatik besteetara koherentziaz aldatzeko aukera emango duena. Nire ustez, argazkilari batek, artista batek oro har, ezin du guztia bulkada esperimentalaren esku utzi. Bestela esanda, benetan miresten dudan bulkada horrek azterketa kritiko serio bati aurre egiteko bidea emango dioten ainguratze sendo batzuk ere behar ditu, esperimentazio hutsetik datozenak baino haragoko sakontasunak iristeko aukera emango diotenak.

 INDUSTRIA-PAISAIA BATERANTZ
Nolanahi ere, Gorka Salmeronek argazkigintzarekin daukan harremana oso da berezia. Esana dago argazkigintzak ez duela guztiz biltzen haren arreta, badirela interesgarri zaizkion beste arlo batzuk. Hala ere, ez da Arte Ederretatik datorren eta argazkigintza noizbehinka erabiltzen duen norbait. Areago iruditzen zait argazki-irudiaren munduko norbait, beste diziplina batzuk ere badirela ulertu eta, azkenean, Arte Ederrez –zentzu zabalean– interesa sortu zaiona. Batetik, haren lanetan oinarri fotografikoa nabarmen baino nabarmenagoa izaten da beti; bestetik, haren jardueraren hasieratik bada argazkigintzara hurbiltzeko modu bat, parametro klasikoekin zer ikusia daukana. Argazkigintzaren klasizismoarekiko –haren sustraiekiko, ausartuko nintzateke esatera– interes horrek behetik gora egingo du urteak aurrera, arestian esan bezala, beste interes batzuen kaltetan joan gabe. Azaltzen ari naizena ziurta dezake XXI. mendeko lehen hamarkadaren erdialdean, formatu handian, egindako erretratu-sortak; garai hartan idatzi nuen, sorta horren inguruan, tradiziozko jarraibide modernistetatik hurbilagokoa iruditzen zitzaidala, ingurunean arakatzeko desioak bultzaturik eginak ziruditen beste batzuk baino. Lan haren kokapen kontzeptualaz ari naiz, eta haren ezaugarri formalez: zuri-beltzeko erretratu zorrotzak, sarritan gogorrak, espartarrak, zuzenak, guztiz kontrolaturiko argi batek, bai eta 20×25 cm formatuko xaflek berezkoak dituzten ehundurek eta tonu-trantsizioek ere, ñabartuak. Ezaugarri horiek guztiak dagozkio XIX. mendearekin beti lotura argia izandako argazkigintza-molde baten tradizio –batez ere estatubatuar– bati.
Puntu horretara iritsi baino hamar edo hamabi urte lehenago, Leaxpi Industri Pasaiak hau izango du, ziur aski, helduaroko lehenbiziko lana. Garai hartan izandako erakusketa bateko katalogoan, Gorkak gogora ekartzen du aitonarekin fabrikara egin zuen aurreneko bisita, eta oroitzen du: “orduan horrenbesteko zirrara eragin zioten kolore gorri haiek, harez geroztik beti gogoan izan dituela”. Bere argazkilari-izaerari dagokion bezala, aipatzen du nola “kolorea zuri-beltz bihurtzen den”, eta gorria, berriz, zuri; eta ahotan hartzen ditu “espazio zabalak, bazter guztietan, galtzeko modukoak”, ilunak, batzuetan “gizontxoak” bizilagun direla.
Lana bizpahiru urtetan garatu zen, artistari komeni zitzaion unea iritsi arte. Haren argazki-erretorika (esango genuke gaur, pedantekeria apur batez) oso soila izan zen, baina merezi du alderdi teknikoei erreparatzea: formatu ertaineko negatiboak, karratuak –irudia lau aldetatik moztu dela nabarmen uzten duten horietakoak–, perspektibak zorroztu, eta espazio-sentsazioa sortzen duten angelu-optikak erabiltzea, zuri-beltz kontrastatua, latza –ezin zitekeen bestela izan–, eszenatoki horietako iluntasuna puntu jakin batzuetan zartatzeko gauza diren argi-iturri batzuek bakarrik hautsia; tonu-tratamenduan, beltzetik gertu dauden baloreek dute egiteko nagusia, bai instalazioen barruko irudiez bai kanpokoez ari bagara. Izan ere, azken horietako batzuek zenbaitetan mamitzen duten giroa, niri ia konnotazio itogarriz zamatuagoa iruditzen zait, eta horrek pentsarazten dit beharbada kolore ilunez tindaturiko nostalgia baten emaitza direla.

DENBORA FOTOGRAMA BATEAN
Izan ere, galeraren kontzientzia, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, zehaztu den bezala, eratuta zegoen. Lantegi haien etorkizunak duda-mudak sortzen zituen haien bideragarritasunaz, egileak aipatzen dituen espazio erraldoiak bezain iluna zuen gerokoa. Sorta honetako argazkiek konpromisoa adierazten dute hilurreneko leku horiekin; kontatu beharreko konpromisoa eta, beraz, bere buruarekiko ere baden konpromisoa, baita eszenatoki horrekin izan duen harremanarekiko ere, azkenean espazio ilunek itzaltzen duten argi zuri baten hil-arnasestu artean amaitzen ari den eszenatoki horrekin.
Gorka Salmeronek argazki-sail batetik bestera egiten dituen joan-etorrien azpian bada lekukotasunezko arrazoi bat, argazkilariak ohi duen gisan, irmoki, kontatzen duena. Haren zuri-beltza indartsua da, dramatikoa. Gune ilun zabalek, beltz-beltzaren hurrekoek, erakusten dutena baino gehiago ezkutatzen dute. Albo batera utzita argi-iturri ia espresiogabe bihurtutako argi zuri-gorrien gogortasuna, ikusten duguna ozta-ozta da gauzen –labe baten atea, erreminta baten tamaina itzela– ehundura suma dezakegun zarakar arin bat. Ni bezalako norbaitek, unibertso horretan ez-iniziatua izanik, gudu-zelai guztiz berezi bat sumatzen du, zientzia-fikziotik gertukoa, arriskuz eta mehatxuz betea eta, nolanahi ere, enigmatikoa eta ez oso ulergarria. Egileak ez dio bere lanari itxura didaktikoa eman nahi izan. Besterik gabe kontatzen du hau guztia zeinen latza den; nola giro horrek irentsi,  eta edozein unetan desagerrarazi egin gaitzakeen, eta zein puntutaraino garen, horren erdian kokaturik, ez-deusak.
Lan hau egiteko, argiak lehen mailako arazo gertatu behar zuen. Okerragorik ez, argazkilari batentzat, argiaren eta itzalen arteko kontraste bortitzak baino. Gorkak eraginkortasunez konpondu zuen, batez ere kontuan hartzen badugu aipatzen ari garen kontraste horrek parte izan behar zuela argazki-sortaren narratiban. Esposizioak, askotan, oso luzeak izango ziren, zenbait segundotakoak. Horrelakoetan, argazkiko gauzen mugimenduak abstraktura jotzen du gero eta gehiago. Zaila da jakiten zer gertatzen ote den tornu horretan edo gainazal hartan, bazterrera utzirik zer edo zer zuri-gorria mugitzen ari dela, eta forma hartzen duela, azkenean amaiturik ikusiko ez dugun forma bat. Horrenbestez, biribilki baieztatzen da, irudia den partetik, irudiak daukan balioa; irudi hutsa, besterik gabe, beste asmo narratzailerik gabe, are –ondo ulertzea nahi nuke– kontatu beharreko beste istoriorik gabe ere.
Esposizio luzeak adierazten du denbora-metaketa fotograma baten gainean. Nire atsekaberako “bat-bateko argazki” esaten zaion horren beste muturrean dago. Irudi horiek ez diete erantzuten, beraz, zenbait segundo ehunen edo milareneko bulkadei. Aitzitik, ihesi doan denbora, “pasatzen ari den” denbora-tarte bat, harrapatu nahi du. Bat-bateko argazkiak, definizioz, mugimendua ukatzen du. Gure argotean esan ohi dugunez, “izoztu egiten du”. Esposizio luzea, ordea, denborarekin bestelako erlazio bat izateko saiakuntza –ziur aski alferreko– bat da, erlazio aldi berean mamizkoa eta kimerikoa: argazkigintzak denbora baiesten du, denbora protagonista bihurtzen ahalegintzen da; jakitunago egiten gaitu aldi baterako izakiak, iraupen gutxikoak, garela. Azken batean, argazki-paperaren gainean geratzen den tonu eta marra lausoen multzo bat, oso lodiera gutxikoak, denboraren lehengai horren sendotasun urria azpimarratuz bezala, bien bitartean, gure begien aurrean, areagotu eta baieztatu egiten dela ikusgai dugun horren irudi-izaera hutsa.

DISTANTZIA KONTUA
Gorka Salmeronen argazkietan –kontraesana irudi lezake esatera noanak– ez duzu aurkituko begirada dokumental klasiko baten kodea. Orain artekoan azaldutakoagatik, ausartzen naiz esatera haren gaira hurreratzeko modua erraietakoa dela. Diodan tradizio dokumental horrek ezaugarri batzuk atxikitzen ditu, teorian behintzat albora utzi behar ez diren parametro batzuk: tonu-gama, zenbat eta beteago hobe, fotografiatu beharreko leku edo gertakizunaren deskribapen zehatza eta, batez ere, gaiarekiko distantzia egokia ezartzea. Arau horiek urratuz, Gorka Salmeronek nahita murrizten du gama, zuri-beltz hutsetik gertu utzi arte; kameraren aurrean dagoen horren deskribapena, sarritan xehetasun soil batera mugatzen da, enkoadraketa-eten esanguratsuekin, batzuetan abstrakzioaren lurraldeak inbaditzen dituela; eta, distantzia dela eta, nolatan ezkondu aurkako zeinua duten bi bulkada? Alde batetik, industria haren gorabeherak, haren barrenaldeak, kontatzeko irrikak –eszenatoki horiei loturiko familia-tradizio batengatik ohardun den abentura horretan–, irudietan bihotza jartzera bultzatzen du; hala dagokio, izatez, umetatik, bere hasierako denboratik, ezagutu zuen enpresa horren azken patuan parte denari: fabrika beti egon izan da hor. Beste alde batetik, ikaskuntza fotografikoak adieraziko zion, jada 90eko hamarkadaren erdi aldera, argazkilari dokumental baten jarrerak, kontraesankorra badirudi ere, eszenatokitik desagertzera eramaten duela: bere irudian desagertzen den norbait izan behar du argazkilariak, existitu izan ez balitz bezala; eta ez hainbeste irudia bere minaz edo beste edozein sentimendu sakonez markaturik uzten duen norbait.
Gorka Salmeron jakitun da, esana dugu, hiltzera doan mundu bat fotografiatzen ari dela. Lanaren estrategia bera ere argigarria da. Argazkilariak, nolabait esanda, sekuentzia bati jarraitzen dio: lantegiaren kanpoaldea erregistratzen du, batzuetan halako urruntasun batetik, tonu baxuko argi grisarekin; gero barnealdea –lanaren ardatza, uste dut– fotografiatzen du: barruan guztiak makinaren boterearen inguruan jiratzen du, eta gizakiak leku ezinbestez txikia hartzen du; eta azkenik elementu batzuen eraispena dokumentatzen du, hasi besterik egin ez den prozesu bat dela dirudien lan batean. Sekuentzia horri gehituko zaizkio, denbora aurrera, beste era bateko kezkak ekarriko dituzten irudiak, edo baita zenbait zuzenketa ere. Imajinatzen dut 1993-1994an argazkilariak ez lituzkeela aztertu nahi, ezta entzun ere, beste aukera batzuk, ortodoxoagoak izan bai, baina bera posizio ez hain bereetara urrunduko luketenak. Fabrika azkenetan zegoen, eta harekin batera herri osoaren bizimodua. Lan guztiak dauka, nire ustez, nostalgia aire bat, eta hala suma daiteke irudien, kontraste bortitzen, eta masa ilunen egitura boteretsuaren indarraren atzean.
Lekukotasunezko argazkigintza bat dugu, beraz –90eko lehen urteetako lanez ari naiz–: konpromisozko jarrera pertsonal bat islatzen du eta, ulertzekoa denez, horren partaide egin nahi gaitu. Oraindik gaur ere arreta deitzen dit –duela urte asko argazki-sorta ikusi nuenean deitu zidan bezala– nola murgiltzen den Gorka gaian, bere kamera karratuarekin, hastapeneko ezaguera teknikoekin eta irudiez gu “kolpatzeko” gogo ez batere erreprimituarekin, irudien aurrean sorgor gera ez gaitezen, gu itzultzera behartzeko gogoa –beharbada, nork jakin, haren aitonarekin batera– lehen planoaren burrunbara eta hondoko zarata sorrera, argi-dirdaietara eta espazio ilun, ia goibeletara, makinetara eta labeetara, eta baita ere, nola ez, gizontxoengana. Niri beti geratu zitzaidan, hondoan taupaka, salaketa, protesta eta tristezia hondar bat.

BULKADA EXPERIMENTALAK
Lehen, distantziaz hitz egin dudanean, begien bistakoa da ez nintzela bakarrik distantzia fisikoaz ari. Argazkilari orok eusten dio, nahi ala ez, halako distantzia emozional bati gaiarekiko. Instalazioen barruan ateratako argazkiak dira lan honen muina, eta gune horretan argazkilariaren inplikazioak distantzia laburrak eskatzen ditu. Ez dut aditzera eman nahi “onak” distantzia laburrak direnik. Dena erlatiboa da, eta lanaren helburuek zehazten dute distantzien egokitasuna. Nolanahi ere den, alderdi askok jokatzen dute distantzia definitzerakoan. Argazkilariaren hautu teknikoek ere aholkatu egingo dute zer ote den komenigarriagoa. Tresna batzuk edo bestetzuk erabiltzea estuki loturik dago egilearen helburuekin. Aurretik eta ondoren ateratakoak, bada argazki-azpisail bat, “paso unibertsal” esaten diogun horretan, Leaxpi Industri Paisaiak lanaren mamitik desbideratzen dena. Dokumentu pertsonalak dira, etxeko edo senideren baten etxeko leihotik atereak, eraikuntzaren nonahikotasuna erakutsiz, edo bailaratik egindako ibilaldietako batean, ardatz nagusi gisa beti ere nabeak eta espazio industrialak. Bada irudi bat, ezberdina, beste izaera bateko gogoeta dakarrena. Norbaitek, bizkarra emanda, autobus batean bidaiatzen du. Leihoetatik lantegi zaharreko alboko murruak ikus ditzakegu. Egun gris ilun bati dagokion giro ilunabarrekoan, Gorkari lanera hainbestetan lagun egin dion egun mota hori, berak bere lanaren zehatzailetzat daukana.
Gorka Salmeron esperimentatzailea da. Erraietako egonezak bultzatzen du lan bakoitzean, irudi bakoitzean, ikerketa egitera. Beste argazki-sail batzuei, bizkorra bada ere, ikusi-pasada bat eginik, ez litzateke dudarik esaten dudanaz. Baina, are gehiago, aipatzen ari garen irudietan ere, taupaka ari da behin eta berriz probatzera, aukera berriak ikertzera, ziztatzen duen bulkada. Horren adibide bi: irudi anizkunak eraikitzea, alde batetik, eta gainjartze batzuk, bestetik. Lehenengo horietan, berez doa egileak irudi baten gaitasunik ezaz hitz egiten digula, ez hainbeste eszenatokia irudian sartzen ez delako, sarri hala bada ere, baizik eta ikuspuntuan aldaketa txikiak eginez osagarriak gerta daitezkeelako. Argazki anizkun horietako batzuk –ez naiz ari, adibidez, efektu panoramiko bat lehengoratzeaz– baziren jada 90eko hamarkadan egindakoen artean, eta irudi konplexuago bat dute emaitza: “mosaiko” efektuak ikuspena are gehiago ixteko erabiltzen da, burdin sare are estuagora kondenatzeko, ihesbiderik utzi nahi ez balitz bezala.
Gainjartzeei buruz antzeko zerbait esan liteke. Irudia bermatzen da ikuspuntu bitan edo gehiagotan; guztiarekin ere, ikuspuntuok bakar bat dira. Lan osoan suma daiteke hori, gutxi-asko sotiltasunez. Fabrika da ardatz bakarra, gainerako guztia joan-etorriak dira, irudiak ehuntzea erdiko gune horren inguruan.

ALDERANTZIZKO IBILBIDEA
Denboran luzatzen denean, lan batek aldi desberdinak izaten ditu, argazkilariaren eboluzioko une zehatzei erantzuten dieten bestelako helburu eta asmoekin. Irudien artean bada kidetasunik, gutxi-asko begi-bistakoa edo sotila, baina arazorik gabe bereiz daitezke aldiak. Gorka Salmeronen egonezak aukera eman dio ibilbide fotografiko berezi samarra egiteko, bazter batera utzita interesa piztu dioten beste arte-diziplina batzuk. Ez da kasu bakarra, ezta gutxiagorik ere, baina teknologikoki haren interesek historian gora egin dute. Hala, hasierako argazkiak formatu txikian egin zituen, gero formatu ertainetara egin zuen jauzi, eta horren ostean gero eta tamaina handiagoak hautatu zituen, harik eta 20×25 cm-ko plaketara iritsi arte. Edonork imajina dezakeenez, irudiari aurre egiteko modua oso bestelakoa da tamainaren arabera baita, ondorioz, ekipoen lastertasuna edo geldotasunaren arabera ere.
Formatu txikia intuitiboa da, edo izaten da. Zenbat eta handiagoak izan, plakek gogoeta-ahalegin handiagoa adierazten dute. Bada tradizio bat, bereziki estatubatuarra, zeinean ohikoa baita plakak eta kamerak erabiltzea. Bai eta prozesu “premodernoak” ere. 90eko hamarkadatik aurrera, Gorka Salmeron formatu handiagoak erabiltzen hasi zen. Esan bezala, negatiboak 35 mm-tik 6×6, 6×12 eta 10×12 cm-tara handitu ziren, eta gero 20×25 cm-tara. Irudiaren ezaugarriak eboluzionatuz doaz, hasierakoen pikortatutik tonu-igarotze “biribiletara” beren jarraikortasunean: xehetasunek eta grisen ñabardurek beren adierazpen gorena iristen dute, askoz kanonikoagoak. Hala izaki, kontzeptu aldaketak ere agerian geratzen dira. Ez dago aldaketa tekniko “espresiogaberik” arlo kontzeptualean. 90eko hamarkadako argazki-sailaren aurrean, kontraste gogorrekin, indartsu, ilun, neurri handi batean enpresako barrenetatik bertatik egina, denbora joan ahala ikuspuntu urrunagoetara igaro da, egiunezkoagoak eta zehatzagoak: lantegiari halako distantzia batetik begiratzen zaio, eta klimatologia lasai batek ere –izatekotan, beti triste samarra– badu bere egitekoa. Perfekzio tekniko eztabaidaezina dute argazkiok.
Batzuetan, Gorkak panorama-efektu bat berreskuratzen du, hainbat argazki uztartuz, eta herria eta fabrikako instalazioak zabalago ikusteko aukera ematen digu. Irudi horietako bati erreparatu nahi diot: goitik beherako lau plakak osaturik, Legazpi osoa erakusten dute. Lehen maila lantegirako utzi da. Gero herria dago, fabrikak ia besarkatua. Irtenbide izan daitezkeen hondoko mendiak eta hodeiak gora-behera, muntaketak deskripzio hutsetik harago doan egitura bat antolatzen du. Laukiteriak zehaztu eta mugatu egiten du paisaia, eta aldi berean itxi egiten du. Hiria eta fabrika, hortaz, bat eginik geratzen dira erremediorik gabe, osotasun banaezin baten gisan.
Hona hemen dudazko amaiera daukan historia bat. Gorka ikus dezaket, fabrikan, aitonarekin. Irudikatzen dut halaber, ez denbora luzera, bere seme-alabei kontatzen, beharbada argazki batzuen aurrean, istorio luze sakon bat, aldi berean amaitua eta amaigabea.

Carlos Cánovas. 2013.

Leaxpi Industri Paisaiak. 2014. Liburua.