Ignacio Agirre Montegi-ren Argazkiak (1900-1908)

Foto 18 (Fondo Burdinola)

Ignacio Agirre.

ZARAUTZKO PHOTOMUSEUM ARGAZKI EUSKAL MUSEOAN 2005. URTEAN OSPATU ZEN “ARGAZKIGINTZAREN HISTORIARI BURUZKO I BILTZARREAN” AURKEZTUTAKO KOMUNIKAZIOA. GORKA SALMERÓN MURGIONDO.

PHOTOMUSEUM 2005

BURDINOLA: Burdin Museoaren Lagunen Elkartea • Asociación de Amigos del Museo del Hierro
Posta-kutxa 64, 20230 Legazpi, Gipuzkoa.
Legazpi, 2005eko irailean.

Laburpena:
Komunikazio honen bidez, XX. mendearen hasieran bizi izan zen Ignacio Agirre Montegi argazkilariaren lana ezagutarazi nahi du Legazpiko Burdinola elkarteak. Historialari, ikerlari eta argazki gaietan zaletuak direnentzat material berria eta jakingarria dela iruditzen zaigu,  Euskal Herriko argazkigintzaren historian bere lekua izan dezakeena, gainera. Ikertutako materiala 1900 eta 1908. urte bitartekoa da eta bertan Legazpiko, Euskal Herriko, Espainiako, Europako hainbat hirietako eta Tangerreko irudiak agertzen dira.

Giltza-hitzak:
Historia, Argazkigintza, Verascope, Legazpi, Ignacio Agirre Montegi, Burdinola.

IGNACIO AGIRRE MONTEGIREN ARGAZKIAK (1900–1908). Don Ignacio madrileñoa-ren bidaiak: Tangerretik Rhineraino
Ignacio Agirre Montegi Madrilen jaio zen 1861. urtean [1. irudia]. Bere ama, Carmen Montegi Donostiako Santa Maria elizan bataiatu zuten. Aita, berriz, Miguel Ignacio Agirre, legazpiarra zen, Igeraldegarakoa baserrian jaioa.
Miguel Ignacio, argazkilariaren aita, Kubara joan zen bere garaiko beste gazte asko bezala,  jaiotetxea anaia zaharrenaren esku geratu baitzen. Hala, 1843. urtean Miguel Ignacio “ausente en ultramar” agertzen da Legazpiko errolda batean.
Kuban, aberastu ondoren, bere emaztea izango zena ezagutu zuen, Carmen, Ignacioren ama. Berarekin ezkondu ondoren, Kubatik itzuli eta Madrilen  jarri ziren bizitzen. Lau seme-alaba izan zituzten: Severiana, Ignacio, Mª Carmen eta Constanza, guztiak Madrilen jaioak. Dena dela, esan beharra dago, Carmen amak Elisa izeneko beste alaba bat ere bazuela, lehenengo gizonarekin izandakoa.
Madrilen bizi baziren ere,  Miguel Ignacio Agirrek -Ignacioren aitak- Legazpiko kaleko Iturraundi etxea bere anaia Jose Ignaciori erosi zion 1877. urtean, gaur egun Correos izenez ezagutzen den eraikina. 7.000 pezeta ordaindu zizkion Igeraldegarakoa baserriko maiorazkoa zuen bere anaiari [2. irudia].
Miguel Ignacio 1888. urtean hil zen Madrilen, eta Carmen ama, berriz, 1910. urtean, hura ere Madrilen. Hain zuzen, gaur egun gorde eta datatuta dauden argazkiak tarte horretakoak dira: argazkirik zaharrenak 1900. urtekoak eta berrienak, 1908. urtekoak. Ez dakigu data horiek baino lehenago edo geroago argazkirik egin ote zuen. Gorde diren kristalezko plaketan, behinik behin, argazkien oinetan XX. mendearen lehen hamarkadako urteak daude idatzita.
Bizimodu erosoa izan zuen Ignacio Agirrek jaiotzetik, aitak Ameriketan egindako dirutza zela medio. Izan ere, akzio ugari zituen Espainiako Bankuan, Tabakaleran, meatzeetan, kredituak…
Legazpin denboraldi luzeak pasatzen zituen eta uda partean itsasaldera joaten zen, Debara. Legazpin -1.500 biztanle baino gutxiago zituen garai hartan- [3. irudia] ezaguna zen Don Ignacio madrileñoa. Ingeles itxurako gizon dotorea, garaia, edukatua eta jakintsua irudikatzen dute hura ezagutu zutenek. Umeak gogoko omen zituen, eta gozokiak eskainka ibiltzen zen, Madrilgo “La Pajarita” gozoki dendakoak, hain zuzen. Hori dela eta, txikienek Caramelos izenez ere ezagutzen zuten. Herri txikietan, ohitura den bezala, laster sortzen dira  goitizenak edonor izendatzeko. Frantsesez ondo mintzatzen zen, baina euskaraz hitz batzuk besterik ez zituen esaten, haurrengana zuzentzeko bakarrik. Ignaciok gaztetan  Bordelen lan egin zuen, eta argazkigintza han ikasi zuela uste dugu. Madrilen banketxe batean ere lan egin zuen. Ez zen ezkondu, bere arreba Severiana eta Carmen bezala, eta azken horrekin bizi izan zen Madrilen 1916. urtera arte, hura hil arte. Urte horretan, Legazpira etorri zen bizitzera eta 18 urte eman zituen Goierriko herrian. 36ko gerraren hasierak ere Legazpin harrapatu zuen eta Donostiara joan zen iloba Juliaren etxera babes bila. Han egon zen gatazka bukatu arte. Madrilen 1942. urtean hil zen 81 urte zituela, mutilzahar.
Egin zituen argazki askotan, bere ilobak, arreba Constanzaren seme-alabak azaltzen dira: Emilio, Gaspar eta Alvaro, Legazpiko mendietan paseoan [4. irudia) edota Madril inguruetan. Edo Constancita, bere lehen jaunartze egunean [5. irudia], eta oraindik ezagutzen ez ditugun pertsonaia dezente ere ikus daitezke. Iloba gogokoenak, Alvarok, Legazpiko etxearen oinordekotza jaso zuen, eta 1946 urtean errentan eman zuen “Estafeta de Correos” izateko, gaur egun arte.
Legazpin lanik egin gabe eta hiru neskame zituela bizi izan zen. Diotenez, bi gauza zituen gogokoen: irakurtzea eta natura. “El Sol”, eta hau desagertzean, “ABC“ egunkariak irakurtzen zituen goitik behera. Bestetik, naturazalea zen, hainbat argazkik erakusten diguten bezala: Aizkorri eta Katabera inguruetakoak, Urbiakoak, Arakarko San Migelgoak…
Gizon bakartia omen zen, baina bazituen norekin komentatu egunkarian irakurritakoak. Olaberri baserriko Braulio Zabaletarekin solasaldi dezente izaten omen zituen. Harremanak zituen, halaber, Patricio Etxeberria enpresa gizonarekin eta Igeralde baserriko ahaideekin. Argazki batean, berriz, Patricio Elorza ageri da, Legazpiko papelerako jabea.
Ignacio Agirre ez zen herriko arazoetan sartzen, baina irakurtzen zituen egunkariengandik, eta goi klasekoa izanik, monarkikoa zela uste dugu. Zaragozan, 1908. urtean eginiko argazki batean, Alfontso XIII.ari eskainitako arku bat ageri da [6. irudia].
Bi ekipamendu guztiz ezberdinak erabiltzen zituen argazkiak egiteko: 9×12 cm-ko negatiboak egiten zituen argazki kamera, eta “Verascope” estereoskopikoa, 45×107 mm-ko plakak egiten zituena. Ekipamendu hori garai hartan arrunta zen argazkilari afizionatu edo “amateur”-en artean.
Urte haietan argazkigintza burgesiaren esku zegoen. Ekipoak garestiak ziren, eta argazkiak egin eta errebelatzeko denbora dezente behar zen, aurrez teknika ikasi eta menperatu ondoren. Nahiz eta argazkigintza goi mailako klaseen esku egon, asko ziren teknika hori landu zutenak. Zilar gelatinobromurozko emultsioak merkatuan zeuden 1878. urtetik aurrera, eta argazkilariak ez zituen momentuan prestatu behar, lehen bezala; plakak gorde egin zitzakeen egun batzuk geroago errebelatzeko. Optika anastigmatikoak 1884. urtetik aurrera fabrikatu ziren, definizioa hobetuz, irudiaren izkinetan sortzen ziren deformaziorik gabe. Bestalde optika hauen luminositatea geroz eta handiagoa zen.
“Richard Verascope” kamera estereoskopikoak 1894. urtean hasi ziren saltzen, eta 12 plaka ateratzen zituen ilunpetan karga aldatu beharrik gabe, oraindik aukera gehiago eskainiz argazkilariei. “Verascope” kamera estereoskopikoak 1955. urtera arte  fabrikatu ziren. Azken modeloa F-40 izan zen. Ignaciok erabiltzen zuen aparailua “Verascope” fabrikak eginiko lehen modeloetariko aparailua zen. Zeiss Tessar f: 4,5 bi optika angular anastigmatiko erabiltzen zituen, berdinak biak, 11 mm-ko deszentramenduak egiteko aukerarekin, 40×47 mm-ko bi negatibo lortuz toma bakoitzean. 1/400 segundorainoko obturadorea zuen kamerak, abiadura oso altua eskainiz instantaneak egin ahal izateko [7. irudia].
Argazki estereoskopikoan bi argazki egiten dira plaka berean, bi optika dituen kamerarekin. Bi objektiboen zentroen artean 6,5 cm-ko tartea dago “Verascope” aparailuan (pertsonen begien arteko distantzia, gutxi gorabehera) eta, ondorioz, bi irudi oso antzerakoak lortzen dira. Gero negatibo horietatik lorturiko argazkiak aparailu berezi batzuetan ikusten dira, bisore estereoskopikoetan: begi bakoitzak irudi bat ikusten du soilik, ezkerrekoak alde horretan kamerak lorturiko argazkia, eta eskuinekoak, berriz, bestea. Praktika pixka baten ondoren gure buruak bi irudiekin bat egiten du eta erliebean ikusten dugu argazkia, bertan egongo bagina bezala, hiru dimentsioetan, leiho bat irekiz gure begien aurrean eta gezurrezko ilusioa sortuz gure buruan. Gaur egun Ignacioren bisorea, bere argazki batzuetan ikusi duguna, gordetzen da oraindik, bai eta “Verascope” kameraren akzesorio batzuk ere.
“Verascope” kamerak izugarri saldu ziren urte horietan, eta burgesiaren jostailu eta entretenimendu bilakatu ziren. Kamera horiek 9×12 cm-koak baino txikiagoak ziren, eta bere tamainagatik eta emultsio berrien sentsibilitate altuagoengatik, aurrez ezinezkoak ziren argazkiak egiteko aukera eskaintzen zuten. Negatiboaren tamaina txikiagoak ere abiadura baxuagoekin lan egiteko aukera ematen zuen, argazkia mugitua irten gabe. Horrela, Ignaciok, bere garaiko dirudunek bezala,  ahaideak eta lagunak erretratatu ahal izan zituen [8. irudia].
Bidaietan Tangerretik Rhineraino ibili zen. Espainia erdia 36ko gerra baino lehen zeharkatu zuen, eta Europako hainbat hiriren irudiak ere bi gerrateak nozitu aurretik jaso zituen. Kaleko jendea, umeak, monumentuak, paisaiak, ilunabarrak eta zenbait bitxikeria, 1900. urteko eklipsea bezala, argazkietan jaso zituen [9. irudia].
Hauek dira gorde diren argazki esteroskopikoak:
-1900, Madrid: Emilio, Gaspar y Álvaro. 1ª comunión de Constancita. El ángel caido. Aranjuez. El Pardo. 28 mayo Argamasilla, eclipse. 28 mayo sol eclipsado.
-1903, Málaga: Muelle. El Chorro, provª Málaga.
-1905, Legazpi, eta inguruak: Kale nagusia, Galdotseko gurutzea. Patrizio Elorza seme-alabekin. Korpuseko prozesioa. Emakumeak idiekin. Apaiza sagarrak banatzen San Migel ermita ondoan. Kataberako meatzeak. Correos etxea. Aralar eta San Donato.
-1905, Oviedo: Kaleak. Apaiza paseoan. Hiriaren ikuspegi orokorra.
-1905, Avilés: Ontziak. Jendea paseoan. Itsasoa.
-1906, Niza: Jendea kalean. Excelsior Hotel Regina Parc. Lorategiak.
-1906, Marsella: Jendea itsasertzean. Portua [10. irudia]. Hiria. Jendea portuan eta ontziak.
-1906, Roma: Emakumeak arropa garbitzen kalean.. Vatikanoa. Eliza eta eraikinak.
-1906, Venecia: Gondolak. Dukearen Jauregia. Jendea plazan. Ontziak.
-1907, Alcalá. Jendea kalean. Militarrak. Eraikuntzak. Mudejar sabaia.
-1907, Murcia – Baza: Jendea kalean eta katedrala. Jendea paseoan. Nekazariak lanean. Azken afariaren eskultura.
-1907, Valencia: Jendea zubian. Ontziak. Ilunabarra itsasaldean [11. irudia]. Kaia eta kupelak.
-1907, Alicante – Elche: Paseoa. Jendea kalean. Ontziak. Palmondoak. Umeak eta jendea palmondoen artean.
-1908, Pamplona: Arkuak. Klaustroa.
-1908, Zaragoza: Alfontso XIII.ari eskainitako arkua. Ikuspegi orokorra ibaiarekin. Eliza barruan.
-1908, Burgos: Jendea kalean [12. irudia]. Jendea kalean eta gurdiak. Katedrala kanpotik eta barrutik. Jendea paseoan eta musikariak.
-1908, El Escorial: Eraikina. Inguruko  mendiak. Jendea mendian.
-1908, Cádiz: Hiriko ikuspegi orokorra. Lorategiak. Eliza. Ontziak.
Datarik gabe, berriz, honako hauek aurkitu ditugu:
Domingo de Ramos en Madrid. Toledo: Claustro de San Juan de los Reyes. Córdoba: Catedral. Granada: Alhambra Patio Leones, Vista general. Sevilla: Casa Pilatos, Muelle [13. irudia], Alcázar. Sardineros. Florencia – Milán. Rin Strasbourg. Wiesbaden. Bordeaux. Tánger.
Donostia eta Debako irudiak ere aurkitu ditugu. Azkenik, non atera ziren ez dakigun argazki dezente dago.
Ignacio argazkiak egiten hasi zen garaian argazkigintzak sekulako zabalkuntza zuen. Profesionalez gain, askok egiten zituzten argazkiak; edozein hiritan zaletu asko zegoen. Zaletu horiek, gainera, profesionalak ez zirenez eta inolako baldintzarik gabe lan egiten zutenez, irudi ezberdinak ateratzen zituzten, “freskoagoak”. Esperimentatzeko aukera ere izaten zuten eta, ondorioz,  argazki interesgarriak egiten zituzten.
Ignacio Agirreren kasua hori dela uste dugu: erretratuak prestatu eta bere senide eta lagunen oroigarrizko argazkiez gain, kaleetako giroa ere jaso zuen bere irudietan, sasoi hartan argazkigintzan estatuan praktikatzen zen “costumbrismo”-an erori gabe [14 eta 15. irudiak].
Lehen aipatu bezala, bi motako plakak erabili zituen: 9×12 cm-koak, batetik, eta 45×107 mm-koak, bestetik. Bada, 9×12 cm-ko kristalezko plaketatik 28 besterik ez ditugu ezagutzen: zilarrezko gelatinazko 25 negatibo eta hiru irudi positibo. Batzuk oso hondatuak eta hautsiak [16. irudia]. Negatibo hauen kopiak ere badaude Legazpiko familia batzuetan (zilar gelatinobromurozko paperean eginiko kontaktuak, 9×12 cm-ko argazkiak). Gure iritzian, gehiago egin zituen baina, zoritxarrez, galdu egin dira.
Plaka horietan gizakia da nagusi; erretratuak, erretratu dotoreak, 1902 urte ingurukoak. Legazpiko hainbat pertsonaia ikus ditzakegu. Bi irudi ezberdinetan, pertsonaiez aparte, ardo botila bat ere ageri da; etiketa berdinarekin bi argazkietan. Hala, Legazpin egindako argazki batean, jendeaz gain, hesi baten gainean ardo botila ikus daiteke [17. irudia]; eta “Grupo en Urbia” argazkian ere marka bereko botila topa dezakegu artzainen eskuetan [18. irudia]. Argazkien truke Ignacio Agirrek ardo botilak eskaintzen zituelakoan gaude, edota gozokiak umeen kasuan…
Erretratatuek zuzen begiratzen dute. Argazki horiek irudi prestatuak dira, taldeen irudiak gehienbat, umeak, apaiza, hainbat pertsonaia. Batzuetan zapi zuriak jartzen ditu pertsonaien atzean erretratuak egiteko, eta ume txiki baten kasuan, egurrezko zementu kaxa bat erabiltzen du altxatu ahal izateko, “Lizariturry y Rezola, San Sebastián” inskripzioarekin [19. irudia].
Bestalde, paisaia ere aurkitzen dugu argazkien artean, bai Madril inguruan eta bai Euskal Herrian egindako irudietan. Hegazkina hegan ikusten den argazki bitxi bat ere badago. Negatibo hori erretokatu egin zuen hegazkinaren silueta nabarmentzeko [20. irudia].
Baina Ignacio Agirreren bildumatik, gaur egunera arte gorde den material ugariena plaka estereoskopikoak dira, 45×107 mm-koak. Argazki estereoskopikoari ez zaio garrantzi handirik eman medioaren historian. Gainera, askotan baztertua izan da hainbat arrazoirengatik. Teknika hori, gehienbat, argazkilari afizionatu burgesek landu zuten, profesionalek baino gehiago, burgesiaren inguruneko bizimodua eta ohiturak islatu ahal izateko. Bestalde, kasu batzuetan irudi erotikoak edota pornografikoak zabaltzeko ere erabiliak izan ziren argazki estereoskopikoak.
Agirreren argazkietan beste gai batzuk ere topatzen ditugu, garai hartako estetika eta ohituren arabera egiten ziren argazkietatik urrun daudenak. Bere ingurune edo bizimodu erosoaz gain, gizatalde pobreagoen bizimodua ere aurkezten digu; begirada urruna da, lotsatia, baina duina. Beste gizatalde horietara zuzenki hurbiltzen denean erretratatuak ezagutzen ditu eta, hala ez den kasuetan, ardo botila edo gozokiak daude tartean beraiengana gerturatzeko. Bestela, urrunetik egiten ditu argazkiak, gehiegi hurbildu gabe, bere garaiko beste argazkilariei interesatzen ez zaizkien gaiak landuz [21. irudia].
Ignaciok bere bidaietan “Verascopea” erabili zuen, erosoago zelako eta aukera gehiago ematen ziolako argazkiak egiteko garaian. Hala eta guztiz ere, kamera horrekin batera tripodea eramaten zuen argi gutxi zegoen tokietan argazkiak egiteko, edo eta deszentramenduak lantzeko arkitekturazko argazkietan, eraikuntzen perspektiba errespetatzeko eta bertikalak argazkietan zuzen ateratzeko [22. irudia].
400 plaka estereoskopiko inguru gordetzen dira gaur egun. Horietatik 140 datatuak eta kokatuak daude. Beste hainbat, 150, kokatuak baina datatu gabe. Gainerakoek, berriz, ez dute inongo azalpenik.
Burdinola elkarteko kideok, Legazpi eta inguruko argazkietan azaltzen diren pertsonaiak zein diren jakin ahal izan dugu, baina lan asko dago egiteko oraindik. Uste dugu material interesgarria dagoela sorta honetan, historialari edo ikerlarientzat, alde batetik, eta argazkigintzaren edozein zale edo interesatuarentzat, bestetik. Irudien konposizioak oso orekatuak eta landuak dira; begirada propioa ikusten da, argazkilariaren begia sumatzen da. Jendea azaltzen den argazkietan duintasuna eta humanitatea nabarmenak dira [23. irudia].
Agirreren bezalako argazki sorta gehiago eta zabalagoak badaude gure hiri eta herrietan, baina honako hau Legazpiko lehen argazkilariarena da, eta Euskal Herrian ezagutarazi beharrezkoa dela uste dugu. Agirre izan zen Legazpiko lehen argazkilaria, bere etxean errebelatzen zituen plakak, gaur egun postetxea den eraikinean, eta hori izan zen herriko lehen laborategia [24. irudia], nahiz eta garai hartan kanpoko beste argazkilari profesional batzuk ere ibili ziren argazki lanetan herriko dirudunentzat, edo bere kabuz, Enrique Ginea argazkilaria bezala. Hor daude, esaterako, Bähr familiaren argazkiak, hainbat profesionalek enkarguz egindakoak. Bähr familia-burua Alemaniatik Legazpira etorri zen Aizkorriko Katabera parajean dauden meatzeak ustiatzera. Bestalde, Patrizio Etxeberriarentzat egin zituzten argazki ugari dago, bai familiarenak, bai eta fabrikako irudiak ere.
Agirreren artxiboa digitalizatze prozesuan dago momentu honetan, Burdinola elkarteak bultzatuta, baina irudi asko desagertzen ari dira, beste batzuk ia galduta daude, eta oraindik lan asko dago egiteko ondare hau guztiz gal ez dadin. Horretarako erakundeen  laguntza beharrezkoa da. Oraingoz lehen pausoa egiten ari gara soilik, digitalizazioa, baina artxibo guztiaren kontserbaziozko duplikatuak egitea ere komeni da, material hau denborarekin galtzen joango delako, jasan dituen hezetasun eta kalteak direla medio.
39 urte inguru zituen Ignaciok 1900. urtean, bere lehen argazkien berri dugunean, eta 47 gutxi gora behera azken irudien daten arabera. Zerk bultzatu zuen argazkiak egitera eta zergatik egiten zituen? Zergatik utzi zion argazkiak egiteari? Zenbait plaka galdu dira?
Gorde diren irudiek pista batzuk eskaintzen dizkigute. Lan dezente dago oraindik egiteko artxibo honekin.  Burdinola elkarteak ateak irekita ditu gai honetan sakondu nahi duen edozein ikerlari edo zalerentzat.

Gorka Salmerón Murgiondo
BURDINOLA Burdin Museoaren Lagunen Elkartea.
Legazpi, 2005eko irailean.

BIBLIOGRAFIA:
• Alzelai, E., 1998, “Don Ignacio argazkilaria”, Brinkola Gogoan, Lankidetzan 13, Eusko ikaskuntza.
• Boadas, J., Casellas, L.E., Suquet, M.A., 2001, Manual para la gestión de fondos y colecciones fotográficas, CCG Ediciones.
• Burdinola elkartea, 2005,  Legazpi XX. mendearen hasieran, Ignacio Montegiren bildumako argazkiekin, Egutegia.
• Cánovas, C., 1989, Apuntes para una Historia de la Fotografía en Navarra, Panorama 13. Alea, Nafarroako Gobernua.
• Kurtz, G.F., 2001,  “La fotografía en España. De los orígenes al siglo XXI”, Enciclopedia Espasa, XLVII. Tomoa.
• Lara López, E.L., 2004, “Historia de la Fotografía en España. Un enfoque desde lo global hasta lo local”, Clío aldizkari elektronikoa, 30. alea. (http://clio.rediris.es/n30/emiclio.htm)
• López Mondéjar, P., 1999, Historia de la Fotografía en España. Lunwerg.
• Newhall, B., 1983, Historia de la Fotografía, Gustavo Gili.
• Pavao, L., 2001, Conservación de colecciones de fotografía, Comares arg.
• Pellerin, D., 1998, “Les lucarnes de l´infini”, Études Photographiques, 4. alea. (http://etudesphotographiques.revues.org/document156.html)
• Salmerón, M., 2005, “Ignacio Agirre Montegi, Fotógrafo”, Txinpartak, 9. Alea, Burdinola elkartearen buletina.
• Sánchez Vigil, J.M., 2001, “La fotografía en España. De los orígenes al siglo XXI”, Enciclopedia Espasa, XLVII. Tomoa.
• Zelaia, I.,  Otaegi, J., G. de Txabarri, J.J., 1979, Legazpi, Gau-eskola elkartea.
• Zumeta, G., Arrieta, J.A., 1990, Euskal argazkilariak: 150 urte geroago, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartea.
http://licm.org.uk/livingImage/VeraInstructions.html (The living image vintage camera museum)
http://glangl1.free.fr/Liste%20Richard.html (Site de Nicole et Gérard Langlois)
http://www.geh.org/fm/mees/htmlsrc/mR511000002_ful.html (George Eastman House)
http://perso.wanadoo.fr/photoptic/Richard.htm (Phot´optic collection)

ARGAZKI ZERRENDA (Burdinolaren funtsa):
1. irudia: Carmen eta Ignacio Agirre Montegi anai-arrebak 1902. urte inguruan.
– 2. irudia: “Iturraundi” etxea, Legazpi, 1905. urte inguruan.
– 3. irudia: Legazpiko herri-kaskoaren ikuspegia 1902. urte inguruan.
– 4. irudia: Emilio Gaspar eta Álvaro 1905. urte inguruan.
– 5. irudia: Madrid, 1900. 1ª Comunión de Constancita.
– 6. irudia: Zaragoza, 1908.
– 7. irudia: Tánger.
– 8. irudia: Emakume bat umearekin.
– 9. irudia: Madrid 1900. 28 Mayo, Argamasilla, eclipse.
– 10. irudia: Marsella, 1906.
– 11. irudia: Valencia, 1907.
– 12. irudia: Burgos, 1908.
– 13. irudia: Sevilla.
– 14. irudia: Murcia, 1907.
– 15. irudia: Roma, 1906.
– 16. irudia: Neskatila bat harresi gainean.
– 17. irudia: Taldea, Legazpi.
– 18. irudia: Grupo en Urbia.
– 19. irudia: Ume bat kaxa baten gainean.
– 20. irudia: Hegazkina.
– 21. irudia: Domingo de ramos en Madrid.
– 22. irudia: Roma, 1906.
– 23. irudia: Taldea, josteko makinaren ondoan.
– 24. irudia: Emakume bat “Iturraundi” etxe parean, Legazpi, 1905. urte inguruan.

 

 

 


2005 urteko egutegia
, Ignacio Agirre Montegiren argazkiekin. Burdinola elkarteak argitaratua:

ignacio Agirre egutegia. 2005.

 

“Ignacio Agirre, Tangerretik Rhineraino” liburua; Carnet bilduma, 3 zbk. Photomuseum Argazki Euskal Museoa. 2006 (Burdinola elkartearen laguntzarekin argitaratua):

IGNACIO AGIRRE 2006